Altsasuko Gazte Asanbladak uda sasoien urtero antolatzen du ekitaldi berezi eta ikusgarriren bat: Gaztewood, Maragatoia, kirol ekitaldi bereziak… Aurten, uztailaren 19rako Altsasu Xtrem abentura proba berezia antolatu dute.
Altsasu Xtremen altxorra bilatzera jokatuko dute parte hartzaileek, taldeka. Altxorra bilatzeko mota guztietako abentura probak gainditu beharko dituzte, Altsasuko herri gunean eta basoetan. Indarra, trebetasuna, orientazioa, elkartasuna… hori guztia landu beharko dute ezarriko zaizkien probak gainditu ahal izateko. Horrela iritsiko baitira altxorrera edo sari potolora.
Altsasu Xtreme garilaren 19an abiatuko da, goizeko 11:00etan, Altsasuko Foru Plazatik. Proba egun guztian barna gauzatuko da eta gauean afaria antolatu dute gaztetxean. Afalostean egunak eman duenaren balorazioa eginen da eta gonbidatu bereziak izanen dira. “Abenturazaleendako, ameslariendako, sortzaileendako… finean, ongi pasatu nahi duten guztiondako prestatu dugu Altsasu Xtreme” diote Altsasuko Gazte Asanbladatik, lehiaketa berezian izena ematera animatuz.
Saria zein den ez dute azaldu nahi “bestela jokoak duen xarma galtzen delako. Baina lasai, saria egongo da. Helburua ongi pasatzea da, baina are hobeto pasako du saria lortzen duen taldeak” gaineratu dute Altsasuko Gazte Asanbladakoek.
Izena emateko
16 urtetik gorako neska-mutikoek eman dezakete izena. Horretarako, Gaztetxeko zerrendan izena eman edo altsasuxtreme@gmail.com e-postara mezua bidali. Gastuei aurre egiteko, parte-hartzaile bakoitzak 5 euro ordaindu beharko ditu egunean bertan.
Parte hartzeko materiala
Mendian ibiltzeko arropa, motxila, oinetako aproposak, urez betetako kantinplora eta eguraldiari aurre egiteko beharrezkoak direnak. Horretaz gain, mugikorrak, eta argazki edo bideo kamerak beharrezkoak dira. Gainontzekoa, bazkaria eta afaria barne, antolakuntzak jarriko du.