Pasa den urtean baino 53 haur gehiago daude izena emanda Udan Euskaraz programan, 292 guztira. Txikienak, 3 eta 4 urte bitartekoak ludotekan biltzen dira astegun goizero eta 4 eta 12 urte bitarteko gainontzekoak, berriz, Zelandi eskola publikoan. 9:45etik 12:45era euskarazko aisialdi programarekin gozatzeko aukera izaten dute guztiek. Baina ez denak elkarrekin, adinka 9 taldetan banatuta baitaude. Hala ere, talde batzuk oso handiak direnez, bi gela hartzen dituzte Zelandin.
Garileko aisialdi programan 25 begirale ari dira lanean. Garagarrilaren 25ean hasi ziren Udan Euskarazko ekitaldiak prestatzen eta hilaren akaberan programa despeditzearekin batera bukatuko dute lana. Haiek 9.30etatik 13:30etara ari dira lanean. Programatu dituzten jardueren artean 292 parte-hartzaileak ariko diren San Fermin festa, mozorro festa, pintxo lehiaketa eta azkeneko festa daude. Gainera, txikitxoenak izan ezik, adin talde bakoitzak irteera bat izanen du. Horien artean daude: Urbasa abentura parkea, Etxeberriko esnearen interpretazio zentroa, Zumaia eta Leitzako Peru-harri museoa.
Agorrilean
Heldu den hilabeteko hamabostaldi bakoitzerako eskaintza ere egin zuen Altsasuko Udalak eta Joxepi Markinez ludotekariak jakinarazi digunez, erantzuna oso ona izan da eta bi deialdiak bete egin dira. Agorrilaren 1etik 14ra 35 haur egonen dira eta 18tik 29ra 34. Guztiak ere 4 eta 10 urte bitartekoak. Txanda bakoitzean hiruna begirale ariko dira lanean. Ludoteka izanen dute bilgune.
Bateragarria-Dibertigarria
Ikasturtea despeditu eta Udan Euskaraz programa hasi aurretik familia bizitza eta lana kontziliatzen laguntzeko eskaintza da Bateragarria-Dibertigarria. Garagarrilaren 23tik 27rako eskaintza egin zuen udalak. 3 eta 10 urte bitarteko 40 haurrek parte hartu zuten. Plaza guztiak bete zituzten eta beste 14 kalean gelditu ziren.