Sakanako Gozamenez Batzordeak antolatu dituen ur festa goxoetan gaur Altsasuren txanda izanen da. Sexualitatearen ikuspegi positiboa, errespetuzkoa, plurala eta aberasgarria eskaini asmoz, 21:00etatik gauerdira Dantzalekuko igerilekura joaten diren gazteak bainuaz eta ur jokoez gozatzeko aukera izanen dute. 22:00etan ogitartekoa eta edaria 3 euroren truke eskuratzeko aukera izanen dute.
Musika ez da faltako ur festa goxoan. 22:30ean Intxostiapunta batukada tailerraren erakustaldia izanen da. Behar bereziak dituzten gazteek osatzen dute perkusio taldea. Haiek bukatu ondoren, Oskar Estanga eta Jon Martin bat-batean bertsotan ariko dira musikaren laguntzaz. Doinuak Josu Erbitik (bateria), Manex Albirak (baxua) eta Jorge Cordonek (teklatua) joko dituzte. 23:30ean bertaratutakoek edabe erotikoak dastatzeko aukera ere izanen dute.