Joe Cockerrek Altsasun kontzertua eskaini zuenekoa

Guaixe 2014ko uztailaren 15a

Joe Cocker Altsasun, Navarra Hoy egunkariak argitaratutako argazkian.

Gaur 25 urte beteko dira Joe Cockerrek Altsasun kontzertua eskaini zuela. Dantzalekun izan zen, arezko futbol zelaian. One night of a sin diskoaren aurkezpen biraren barruan egin zuen geldialdia Altsasun. Musikari britainiarrak bluesa, soula eta rock and rolla oinarri zuen emanaldia eskaini zuen 350 metro karratu zituen eszenatokitik. 6.000 pertsonen aurrean aritu zen 23:00etatik 1:30era eta bi bis eskaini zituen. Kontzertuaren sarrerak 1.500 pezeta balio zituen.

Iñigo Aritza ikastolak antolatu zuen kontzertua. Eraikinean hainbat hobekuntza egin behar ziren eta haiek finantzatzeko udaberri eta uda hartu zuen kultur programa indartsua antolatu zuen: Irrintzi. Antzerkia, dantza, musika eta beste bildu zituen kultur egitarauak.