Uda Gazte programan izena emateko aukera dago oraindik

Guaixe 2014ko uztailaren 10a

12 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendutako aisialdi eskaintza hilaren azken bi asteetan eginen da.

Altsasuko Udaleko Gazteria sailak Uda Gazte programa eskaini du estreinakoz aurten. Blanki Torres gazteria teknikariak azaldu digunez, “eskaera bati erantzunez” sortu da Uda Gazte. Torresek esan digunez, Udan Euskaraz programaren jarraipena da eskaintza berria, 12 eta 16 urte arteko gazteei zuzenduta dago. Oraindik ere izena emateko aukera dago.

Astelehenean hasi eta hilaren 26ra arte, bi asteko iraupena izanen du programak. 10:00etatik 13:00etara bilduko dira astegunetan, Intxostiapuntza gazte gunean. Gazteek lagunekin hainbat ekintzaz gozatzeko aukera paregabea izanen dute: kiroletako, abenturazko jarduerak eta gaupasa. Jardueren artean Dantzalekun eginen den kanpaldia dago, gau bainua eta guzti duena.

Izena ematea
Gazte gunetik pasa edo hara deitu daiteke, 948 564 785 telefonora. Bestela, idatziz gazteria@altsasu.net helbidera jo.

Intxostiapunta
Udan gazte guneak ordutegia aldatuko du eta astegunetan 18:00etatik 20:00etara dago zabalik.