Altsasuko Gazte Asanbladak eskaintza berezia dakar gaurko, larunbaterako: Altsasu Xtrem abentura proba berezia.
Altsasu Xtremen altxorra bilatzera jokatuko dute parte hartzaileek, taldeka. Altxorra bilatzeko mota guztietako abentura probak gainditu beharko dituzte, Altsasuko herri gunean eta basoetan. Indarra, trebetasuna, orientazioa, elkartasuna… hori guztia landu beharko dute ezarriko zaizkien probak gainditu ahal izateko. Horrela iritsiko baitira altxorrera edo sari potolora.
Altsasu Xtreme larunbatean hasiko da, goizeko 11:00etan, Altsasuko Foru Plazan. Proba egun guztian barna gauzatuko da eta gauean afaria antolatu dute gaztetxean. Afalostean egunak eman duenaren balorazioa eginen da eta gonbidatu bereziak izanen dira. “Abenturazaleendako, ameslariendako, sortzaileendako… finean, ongi pasatu nahi duten guztiondako prestatu dugu Altsasu Xtreme” dio Altsasuko Gazte Asanbladak. Abenturan parte hartzera animatu dituzte sakandarrak.
Saria zein den ez dute azaldu nahi “bestela jokoak duen xarma galtzen delako”, baina saria egon egongo dela ziurtatu dute.
Izena emateko
16 urtetik gorako neska-mutikoek eman dezakete izena. Horretarako, Gaztetxeko zerrendan izena eman edo altsasuxtreme@gmail.com e-postara mezua bidali behar da. Gastuei aurre egiteko, parte-hartzaile bakoitzak 5 euro ordaindu beharko ditu egunean bertan.
Parte hartzeko materiala
Mendian ibiltzeko arropa, motxila, oinetako aproposak, urez betetako kantinplora eta eguraldiari aurre egiteko beharrezkoak direnak. Horretaz gain, mugikorrak, eta argazki edo bideo kamerak beharrezkoak dira. Gainontzekoa, bazkaria eta afaria barne, antolakuntzak jarriko du.