Bermeo Madalen jaietan murgilduko da. Jai hauek Izaroko uhartea dute protagonista. Bermiotarrek Izaro euren jabetza dela aldarrikatzen dute gaur, garilaren 22an, Madalen egunean, teila bat irla parean, itsasora jaurtikiz. Bada, aurtengo teila berezia izango da, Txuspo Poyo artista altsasuarrak diseinatu baitu.
Txuspo Poyo Izaro irlaren inguruan proiektu bat egiten ari da, Izaro proiektua izenekoa, eta proiektu horren barruan diseinatu du asteartean itsasora jaurtikiko duten teila, artista altsasuarrak azaldu duenez “teilak garrantzi berezia baitu Bermeoko irla horren historian”. Bermeoko herriari dohaintzan eman dio teila. Bere esanetan, Madalen egunean teila “ospatzeko eta aldarrikatzeko ekintza bat da. Poetiko bezala izendatu ahal dugun ekintza bat da; erreala, sinbolikoa eta irudizkoa batzen dituen ekintza, hau da, irla, itsasoa eta herritarrak. Teilak transformazio prozesu entropiko bat aurkezten du, hiru herrietako (Elantxobe, Mundaka, Bermeo) itsasontzien hondakinen arteko transformazio prozesua, hain zuzen ere” azpimarratu du Poyok. Artistak gaineratu duenez, “elkarrizketa ekintza batean, teila 3 aldeen galdeketa da, forma bakar batean. Teila honek teilape baten 3 herrien arteko elkartzea adierazten du, isla bakar baten historiaren eta kondairaren artean, bakoitzak bere nortasuna duela ahaztu gabe”.
Teilaren istorioa
Izaro Bermeo eta Mundaka herrien aurrean dago. 675 metroko irla hau Bermeokoa da, baina irlaren jabetzaren inguruan gatazka handiak izan dituzte historian barna Bermeok eta Mundakak, eta baita Elantxobek ere. Azken horrek uko egin zion jabetzari. Istorioak dioenez, uhartearen jabetza erabakitzeko bermeotarrek eta mundakarrek estropada bat egin zuten elantxobetarren zuzendaritzapean, eta nahiz eta gizon bat galdu, Bermeoko arraunlariak garaile atera ziren. Horrela, uztailaren 22an, Maria Madalena egunean, aipatu estropada gogoratzen da Bermeo, Mundaka eta Elantxobe arteko anaitasun jai batean. Ekitaldi nagusian, Bermeoko alkateak teila bat botatzen du Izaro uhartearen aurrean ondokoa esanez: “Honaino heltzen dira Bermeoko ituginak”.