Alde Hemendik aldarria zabalduko du atzera ere Ospa egunak

Guaixe 2014ko uztailaren 22a

Ospa egunaren laugarren edizioa agorrilaren 30ean izanen dela aurreratu dute mugimenduko kideak. Egun hori “Alde Hemendik aldarria ozen kaleratzeko eta errepresio basati honekin bukatzeko borrokan jarraitzeko” baliatu nahi dute. Horregatik, altsasuarrak egunean parte hartzera deitu dituzte.

Ospa egunari begira, hura antolatzen duen mugimenduko kideek uste dute “herri aktibazioa ezinbestekoa dela errepresio basati horrekin bukatu nahi badugu”. Ospa mugimenduko kideak kexu dira urte guztian polizia ezberdinen aldetik “jasaten” duten errepresioarekin. Horren adibide gisa jarri dituzte “eguneroko kontrolak, herritarrei egindako jazarpenak eta mehatxuak, probokazioak, herrian jasotako isun politikoen kopuru izugarria (30.000 euro), kartel eta pankartak kentzea” edota Donostiako herri-harresian parte hartu zuen gazte bati egindako urte eta erdiko espetxe zigor eskaera. Pasa den urteko Ospa egunaren kontura Altsasuk “aste betez sufritutako okupazio militarra” ere salatu dute mugimenduko kideek.

Batzar zelatatua
Ospa eguna antolatzeko batzarra zegoen deituta pasa den ostegunean. Mugimendu antolatzailetik jakinarazi dutenez, batzarra hasi aurretik kalez jantzitako hainbat polizia ibili ziren Alde Zaharrean. Ospa Mugimendutik azaldu dutenez, batzarra hastear zela polizia bikote bat gertuko taberna bateko terraza batean jarri zen eta haietako batek mugikorra eskutan eta aurikularra belarrian zuela. Alde egiten ez zutela, batzarra hasteko zain zeudenak haiengana hurbildu ziren eta poliziak grabatzeari ekin zioten. Jendeak haiek inguratu zituzten eta kalez jantzitako poliziak alde egitea erabaki zuten. Ospa mugimendutik azaldutakoaren arabera, herritik kanporatu zuten bikotea. Baina bost minututara kalez jantzitako polizia bikote bana zegoen plazan eta udaletxe aurrean. Hala ere, batzarra egin ahal izan zutela azaldu dute.