Poyoren Altzairuzko teila Izaron da

Guaixe 2014ko uzt. 24a, 09:18

Urteetako ohitura segituz, herenegun Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek teila bat bota zuen itsasora herriko mugak noraino iristen diren zehazteko. Ekintzak berak baino gehiago teilak izan du aurten protagonismoa. Txuspo Poyo altsasuarrak egindako altzairuzko teila izan baita alkateak bota duena.

Hura egiteko Bermeoko, Mundakako eta Elantxobeko ontzien atalak erabili zituen Poyok. Bi kilo pasatxoko pieza da. Teilan irakur zitekeen hura botatzean esaten dena: honaino iristen dira Bermeoko itxuginak. Altsasuarrak adierazi duenez, “itsasontziak herrian zati garrantzitsu bat dira, herriaren egunerokoaz hitz egiten dute”.  

Poyok esku artean duen Izaro proiektuaren adar bat besterik ez da teilarena. Haren bidez hiru herrien historia eta memoria argitan jarri nahi du, Poyoren esanetan Izaro ez baita irla hutsa.