Altsasuko Udalak atzo egindako bilkuran aurrekontu aldaketa egin zuen zinema proiektore digitala erosteko. Iortia kultur gunean jarriko den proiektore berria erosteko 60.000 euro bideratu ditu udalak. Gauzak ongi lastailerako, zinema sasoia hasten denerako martxan izanen da proiektore berria.
Inbertsioaz galdetuta, Betisa Anda kultur teknikariak azaldu digu zinema ekoizte-etxeek eta banatzaileek gero eta film gutxiagoren kopiak egiten dituztela 35 mm-ko pelikulan. “Gero eta gutxiago ateratzen da horrela, gehiena digitalean egiten dute haiendako merkeago delako”. 35 mm-ko kopia gutxiago egotearen ondorio zuzena izan da aurten Iortiako zinema sasoia maiatzean despeditu beharrean apirilean agurtzea.
Kultur guneko areto handian jarriko dute proiektore digitala, han ematen baitituzte gaurkotasunezko filmak eta haurrei zuzendutakoak. Areto txikian oraindik ere 35 mm-ko proiektorea segituko du. Andak azaldu digunez, banatzaile txikiek oraindik ere 35 mm-ko pelikulak banatzen dituztelako oraindik, “baina haiek ere aldatuko dute”.
Hirietako eta filmoteketako zinemek orain dela bi urte aldatu zituzten proiektoreak eta digitalak jarri. Herrietako aretoak dira aldatzen azkenak eta batean baino gehiagotan ez dute aldatu ere eginen. Andak esan digunez, proiektore berriak beste aukera batzuk ematen ditu, esaterako, opera edo bestelako musika jaialdiak ematea. Baita 3D proiekzioak egitea. Baina hori aurrerago etorriko dela gaineratu du.
Merkeago
Lastailarekin batera, zinema sasoia hasten denean, zinema zaleek deskontuak eskuratzeko aukera izanen dute Iortian. 3, 5 eta 8 filmetarako abonuak salgai izanen dira. Gainera, haurrendako filmak eta beste ikuskizunak bateratzen dituen txartelak ere izanen dira.