Hariztiaren interpretazio bideko lanak hasi dira

Guaixe 2014ko uztailaren 24a

Ontzigintzan erabiltzeko basoak nola kudeatzen ziren erakutsi eta agorrila akaberarako despedituko dituzte lanak.

Dantzalekura iritsi aurretik dagoen aldapan, ezkerretako bide batetik abiatu eta Usolarrainen bukatuko da bidea. Ibilbide motz horretan ontzigintzarako basoen kudeaketarako azalpenak emanen dira zuhaitz jakin batzuen bidez. XVI. mendeko San Juan baleontziaren errepika egiten ari den Albaola elkarteak egin du proiektua eta Itsasorako zuraren bidea asmoaren zati litzateke. Bide hori Sakanako hariztietan hasi, Zerain, Beasain edo beste herrietako oletatik pasaz Ondartxo ontziolan bukatuko da.

Bideko lanak Altsasuko Udalak egin ditu, 30.000 euroko aurrekontuarekin. Udalak Europako (FEADER) eta Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzak jasoko ditu. Bidea hartu behar zuen tokia garbitzeko, bi langile kontratatu ditu udalak. Aste honetan, berriz, Coyser enpresako langileak ari dira bidea dena prestatzen. Udalak hartutako bi langileek, bestalde, panelak jarriko dituzte eta Usolarraingo erretegiak ere konponduko dituzte.

Bide horrekin Altsasuko Udalak Dantzaleku-Usolarrain aisialdi guneko eskaintza indartuko luke. Igerileku, atletismo pista eta futbol zelaiaz aparte, beste bi ibilbide daude Dantzaleku eta San Pedro lotzen dituztenak. Pasa den urtean prestatu zuten borobila ixten duen bidea. Baina auzolanean egindako bi zubiak jartzea falta zen eta lan horiek aurten eginen direla esan digu Juan Carlos Orellana zinegotziak.

Bestelakoak
Astearteko bilkuran Altsasuko Udalak erabaki zuen 30.000 euro bideratzea kaleen konponketara. Dantzalekutik San Pedrozelairako bidea konpontzearekin batera Ondarria industrialdeko kaleak ere konponduko dira. Bestelako lan txikiak egitea ere ez du baztertzen udalak. Bilkura berean, bestalde, udalak erabaki zuen alkatearen abokatu gastuak ordaintzea. Ospa egunagatik alkatea auzitegira deitu zuten eta orain bere defentsa gastua ordaintzea erabaki du udalak.