Festa parekideetarako formula

Guaixe 2014ko uztailaren 24a

Peñetako kideak festetan.

Gizon-emakumeek festaz gozatzeko aukera berak izateko etxeko lanak eta ardurak partekatu behar dira

Festak eta festa egunak gero eta gertuago dituzte altsasuarrek. Gozatzeko eta ongi pasatzeko egunak dira. Baina etxeko lanak eta ardurak ere bikoiztu egiten dira, esaterako: lagunak etxera afaltzera gonbidatuz, koadrilako bazkari-afariak prestatuz… Horretaz aparte, festa giroan emakumeek sexu erasoak jasateko arriskua handitu egiten da.

Horiek kontuan hartuta, Nik ere! Jai parekideen alde! kanpaina martxan jarri du lana, familia eta bizitza pertsonala bateragarri egitea xede duen Altsasuko III. Itunak. Kanpaina horren bidez, mezu argi bat zabaldu nahi da: ezinbestekoa da jokaerak eta jarrerak aldatzea, emakume eta gizonek jaietan gozatzeko aukera berberak izan ditzagun. Mezu hori zabaltzeko itunaren bultzatzailea eta koordinatzailea den udalak Altsasuko Dendarien Elkartearekin (ADE) elkarlanean ariko da. ADEko bezeroek kanpainari buruzko esku-orria eta motxila bana jasoko dute opari heldu den astean. Iraila hasieran, atzera ere, banatuko dira.


Jai parekideak lortzeko neurriak
Bateratuz: etxean, elkartean, koadrilan… arduratsua izan eta lanak —etxekoak eta zaintzakoak— denon artean banatu. Horrela denok, emakumeek eta gizonek, izanen dugu festaz gozatzeko aukera.

Emakumeei eta gizonei egokitutako ohiko rolak gaindituz: emakumea edo gizona izan, jarduera guztietan parte hartu; hau da, gizonen ohiko jardueretan emakumeek parte hartuz, eta alderantziz.

Jarrera sexistarik gabe: txiste matxistek, emakumeak objektu gisa azaltzen duten aipamen eta jarrerek… emakumeok bigarren maila batean jartzen dituzte. Aukera sexual guztiak errespetatuz.

Sexu erasorik gabe: ahozkoak, fisikoak nahiz sexualak.

Erantzukidetasunez: gizarte osoa da erantzule. Erasotua ez bazara ere, halako jarrerak eta jarduerak gaitzetsi.