AEBko soul klasikoa, New Orleansgo ikutuak eta hip hopa. Osagai nagusi horiekin, eta beste batzuekin, sortu dute guerrilla soul izendatu dutena Bruce Jamesek (pianoa eta ahotsa) eta Bella Blackek (ahotsa). Haien proposamena Dj Phil Rossen efektuekin eta soinuekin osatzen dute, kalitatezko musika eskaintza originala osatuz. Altsasuko Gazte Asanbladatik kontzerturako gonbitea luzatu dute, “jada hain gazteak ez diren pertsonek ez dute gaztetxera ez etortzeko aitzakiarik, kontzertu honek benetan merezi du eta”.
Texasarrak sortzez, Holandatik heldu da hirukoa. James eskarmentu handiko soul-mana da. Rossek, berriz, musika ekipoko platerak jazz tresna gisa erabiltzen ditu. Bien artean osatzen dute soul oinarrizko sekzio erritmikoa, James berak eta Blackek euren istorioak konta ditzaten. Abeslariak, kantaria baino olerkaria, kontralto ahots sakona du eta R&B, soula, jazza eta rock estiloen nahasketa bateratzailea du.