Hauspo Alai elkarteak uda-ikastaroarekin akordeoi akademia bihurtu du Altsasuko Otadiko Kristo Deuna aterpea. Alexey Artemyev irakasle errusiarrarekin trebatzen aritu dira Galiziako, Huescako, Murtziako eta Nafarroako sei ikasleak, aurretik ere ezagutzen zutenak. Ikasleek duten programa edo heldu den ikasturtean prestatu beharreko programa lantzen aritu dira Artemyev-ekin. Egunero bakarka aritzen dira irakaslearekin eta gero hark agindutakoa lantzen dute.
Bihar emanaldia emanen dute, musika barrokoak eta garaikideak osatzen duten programarekin. Besteak beste Arne Nordheim, J.S. Bach, Shostakovic, Sofia Gubaidulina edo Scarlatti egileen lanak entzuteko aukera izanen da larunbatean.
Aurrekoan
Pasa den astean 8 eta 14 urte bitarteko bederatzi haurrek eta gaztetxok parte hartu zuten ikastaroan. Leioako (Bizkaia) bi parte-hartzaile ez beste, gainontzeko guztiak nafarrak. Haien artean Ilazki Iturralde Escobar irurtzundarra. Guztiak musika eskoletako akordeoi ikasleak dira.
Egunero Artemyevekin bakarkako klaseak zituzten, 45 bat minutukoak. Gainera, goiz eta arratsaldez, ordu erdi bana aritzen ziren ikasten, irakasleari etxeko lanak eginak eramateko. Elkarrekin pieza bat prestatu zuten (Maya erlearena) eta hura entseatzeko egunero ordu bat aritzen ziren. Aisialdi jarduerekin eta igerilekura egindako irteerekin osatu zuten egonaldia. Hala ere, joan aurretik, larunbat arratsaldean, kontzertua eman zuten.
Hauspo Alai
Inma Canovas eta Maria Arizaletak osatzen dute elkartea. Canovas kontserbatorioko azken kurtsoa eginen du. Arizaleta, berriz, hiru musika eskoletan akordeoi irakaslea da eta ikasketak egiten segitzen du. Biei asko gustatzen zaie akordeoia eta hortik elkartea sortzera pasa ziren. Akordeoiaren inguruan jarduerak antolatzea du helburu elkarteak.
Aurreneko jarduera bi aste hauetan egindako akordeoi uda-ikastaroak izan dira. “Uda partean ikasleek haien lanarekin segitzeko aukerarik ez dago eta gabezia hori estaltzeko antolatu ditugu ikastaroak”, azaldu digu Arizaletak. Gaineratu du “beste toki batzuetako akordeoilariak ezagutzeko bidea ere izan nahi dutela ikastaroak”. Canovasek garrantzia eman dio ikasleak beste irakasle batzuekin lan egiteko duten aukerari. Azaldu duenez, biak ere aurretik uda-ikastaroetan Artemyeven ikasle izandakoak dira.
Aterpeko egonaldia eta ikastaroak ederrak izan direnez, Hauspo Alai elkartekoak heldu den urtean ere uda-ikastaroak antolatzeko asmoa azaldu digute.