Lezalden egin gabeko lanen soka

Guaixe 2014ko uztailaren 31

Urbanizazioa egitekoa zen enpresari udalak 114.629,66 euroko kalte-ordaina ordaindu beharko dio.

Espero zuten epaia uste baino lehenago jaso dute Altsasuko Udalean. 2006an Lezalde dermioa urbanizatzeko lanak egitekoa zen Coyser enpresa, 1.921.000 euroren truke. Egitasmoaren kontra zeuden auzokideek urte hartako agorrilean hainbatetan  geldiarazi zituzten lanak eta gero udal egitasmoak auzi-bide luzea hasi zuen.

Urbanizazioa egin ez zenez, Coyser enpresak industria-onura eskatu zion Altsasuko Udalari. Epaitegiaren arabera udalak 114.629,66 euro ordaindu beharko ditu. Garazi Urrestarazu Zubizarreta alkateak esan digunez, “udalak orain bete behar bat du, zorra pagatu. Hala ere, beste irtenbide batzuk bilatzen saiatuko gara. Enpresaren eta udalaren arteko akordio bat edo”. Uda garaian epaitegiak jai dutenez, ildo horretan zerbait aurreratzea espero dute.

Ekonomia
Udalaren finantza egoera eraginen dion epaia dela aipatu digu alkateak. Udala gaur egun bizi duen testu-ingurua marraztu du Urrestarazuk: “diru-laguntzak murriztu edo desagertu dira, bestelako diru-sarrerekin zerbait aurrezten dugu. Baina horrekin herrian gutxieneko lehentasunak besterik ezin ditugu egin”. Horri guztiari Espainiako Gobernuak ezarritako Jasangarritasun Legeak jarritako mugak gaineratu behar zaizkiola ere aipatu du alkateak.