Atzo egindako bilkuran Altsasuko Udalak hasiera batean onartu zuen udal esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen duen ordenantza. Garaiz Urrestarazu Zubizarreta alkateak esan digunez, ordenantza egiteko lanketa polita egin da eta hainbaten artean adostasunak lortu dira. Bozketan EHBilduk eta Geroa Baik aldeko boza eman zuen eta PSN, IU eta PP abstenitu ziren. UPN ez zen bilkuran izan. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren hilabeteko epea izanen da helegiteak aurkezteko.
Bilkura berean Altsasuko Udalak Palestinaren aldeko eta Israelen Gazaren kontrako erasoak salatuz hiru mozio onartu zituen. EHBilduk, IUk eta Askapenak aurkeztutako mozioak izan ziren. Alkateak jakinarazi digunez, konpromisoa hartu dute Israeli boikot aktiboa egiteko. Horrek udalak erabiltzen dituen produktu guztien jatorria aztertzea ekarriko du eta baten bat israeldarra bada, hura erosteari utzi eta beste bategatik ordezkatuko du.