Nafarroako Gobernuak Zelai kaleko banderengatik udalaren kontra auzitara jo du

Guaixe 2014ko uzt. 31a, 18:21

Zelai kalean otsailaren 23an jarri zituzten banderak.

Nafarroako Ikurren Legea urratzen duela eta Ikurrina kentzeko eskatu dio udalari.

Otsailaren 23az geroztik Zelai eta San Juan kaleen bidegurutzean Nafarroako eta Altsasuko banderak eta ikurriña daude, masta banatan. Bertako ikurren aldeko herri dinamika batek jarri zituen hiru banderak, udalari haiek jartzeko baimena eskatu ondoren.

Jarri eta berehala Jose Javier Esparza Abaurrea Toki Administrazio kontseilaria Altsasuko Udalarekin harremanetan jarri zen, ikurriña kentzeko eskatuz, Nafarroako Ikurren Legea urratzen zuela argudiatuz. Garazi Urrestarazu Zubizarreta alkateak esan digunez, “udalak banderak jartzeko baimena eman zuen, baina ez da haien tutore”. Gobernuak auzitegira jo zuenean, kautela-neurri bezala banderak kentzea eskatu zuen, baina epaileak halakorik ez zuela onartu azaldu digu alkateak.

Urrestarazuk nabarmendu du banderengatik gobernuak auzitara eraman duen herri bakarra Altsasu dela. Alkateak gogoratu du banderak ez direla udaletxeko fatxadatik ikusten eta eraikinetik 150 metrora daudela. Ikurren Legean jasotakoa betetzen dutela uste du alkateak.

Erreakzioak
Banderak jarri zituen herri mugimenduak egun hauetan Altsasun zabaldu duen oharrean azpimarratu duenez, “ikur horiek herri dinamika batetik atera ziren. Ez dira inongo instituzio, eragile edo norbanakorenak. Altsasuar ororenak dira. Hortaz, soilik guri dagokigu erabakitzea zer egin haiekin”. Aldi berean, “gure sinboloak” defendatzera deitu dute.

Altsasuko NaBai 2011ko zinegotzi Unai Hualdek “UPNren banderen gerra berezia” salatu du. Horren atzean erregionalisten “obsesioa” ikusi du Hualdek. Zinegotziaren ustez udala auzitegira eramatea “helburu ideologikoekin burututako jazarpen argia eta zentzugabekeria handia baino ez da”. Hualdek Nafarroako Gobernuari eskatu dio ikurrinaren kontrako jazarpena egiteari uzteko, hainbat nafar ordezkatzen dituen bandera delako.