Erkudengo Ama abesbatza Ingalaterrara

Guaixe 2014ko abu. 1a, 18:34

Astelehenetik domekara joanen da abesbatza eta hiru emanaldi eskainiko dituzte.

Tautongo Amici abesbatzak eginen die harrera Ingalaterran. Izan ere, bidaia truke baten ondorioz sortu da. Bitartekaria Urdiainen bizi eta Erkudengo Ama abesbatzan kantuan ari den Mary Davis ingelesa da. Bere gurasoak Tautongo abesbatzan aritzen dira, Altsasukoaren modukoa, 30 bat ahots mistokoa. Hona bisitan etorri ziren batean Altsasuko abesbatza entzun eta zuzendu egin zuten eta trukerako aukera hala sortu zen. Aurten altsasuarrak doaz Ingalaterrara eta heldu den urteko agorrilean Tauntondik bisitan etorriko dira.

Ostegunean, 19:30ean, Halsen emanen dute kontzertua eta hurrengo egunean, 20:00etan Tauntonen. Bi emanaldietarako polifonia oinarri duen egitaraua osatu dute euskal folklorea, hego amerikarra, errusiarra biltzen duena. Halsen herriko abesbatza izanen dute lagun akaberan eta Tauntonen Amici abesbatza. Bi emanaldietan egitarauko azken lau obrak elkarrekin emanen dituzte bi abesbatzek.

Horretaz aparte, ostiral eguerdian kontzertu motz bat emanen dute golf-eko klub batean. Euskal folklorean aparteko interesa azaldu dute eta Erkudengo Ama abesbatzak euskal doinuekin ordu erdiko emanaldia prestatu du. Egitarau labur horretan, eta euskal kantatzeko eren ikuspegi oso bat emateko jota bat tartekatu dute. Hura kantatuko duena txuri gorriz ariko da abesten. Abesbatzeko gainontzeko kideek erabaki dute euskal folklorearen aberastasuna erakusteko baserritar jantziz ariko direla, abesbatzaren jantzia baztertuta.

Kantua eta gehiago
Astelehenean Ingalaterrako bidea hartuko dute Erkudengo Amako 32 kideak eta laguntzaileak, 49 pertsona guztira. Lan kontuengatik abesbatzako kide guztiak ezin izan dute joan eta ohiko laguntzaile diren lau pertsonekin indartu dute abesbatza. Atlantikoko irlaren hego mendebaldean emanen duten astean altsasuarrek Taunton, Wells, Glastombury, Stonehenge eta beste ezagutzeko aukera izanen dute. Erkudengo Ama abesbatza aurretik Argentinan bitan, Sardinian, Portugalen edota Austrian egona da. Holandako taldekide bat dutenez, hurrengo irteera hara izan daitekeela aipatu digute abesbatzatik.


Egitaraua
Agurra
Cherubin song
Somewhere
Shennandoah
Swing low
Non potto reposare
Juramento
El breve espacio en el que no estás
Jota+Orreaga
Herribehera
Baratze bat
Ilunabarra
Mendirik mendi
Pannis Angelicus
Agur zaharra
Maitia nun zira
Bogoroditze
An irish blessing


Golf klubeko egitaraua
Agurra eta jota
Aita gurea
Orreaga
Baratze bat
Herribehera
Ilunabarra
Mendirik mendi
Ama birjiña
Agur Jaunak
Agur zaharra
Maitia nun zira