Ane Etxegoien

Guaixe 2014ko abuztuaren 27a

Gaur, 21:00etan Altsasuko Dantzalekun.

Iparraldeko kantu tradiziotik edanez, Ane Etxegoienen ahots goxo eta indartsuarekin gozatzeko aukera izanen da Altsasun. Herriko abesbatzan zortzi urterekin hasi zen kantatzen. Baionako eta Bordeleko kontserbatorioetan jaso zuen prestakuntza. Lirika ardatza izandako errepertorio baten ondoren, beste eragin eta estilo musikal batzuetara ere zabaldu da, eta euskal musikaren tradizioak garrantzi handia du horretan.

Donapaleuko kantariak, bi disko ditu bakarlari gisa (Pachamama, 2008 eta Adelante, 2010) eta beste bi Baionako Aizkora gizonezko abesbatzarekin batera (Les voix célestes du Pays Basque chantent Noël, 2005 eta Les Voix Basques, 2013). Frantzian arrakasta handia lortu du telebista saio batean atera ondoren eta euskal kantu tradizionalak eta bereak kantatuz urrezko diskoa ere eskuratu zuen, pasa den urteko 10 disko salduenen artean kokatuz.

Aizkoa abesbatza, bestalde, 2001ean sortutako taldea da Dringilindron ekimen kulturalaren barnean eta Patrick Bétachetek zuzentzen du. Otxote horrek antzinako euskal kantek, gaur egungo euskal temek, pieza erlijiosoek eta Errusiako melodia batzuek osatutako errepertorioa interpretatzen du. Etxegoienekin batera makina bat jaialdi eta ikuskizunetan parte hartu dute. Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harreman Departamentuan antolatutako Cultur jaialdiko musika programaren barruan dago kontzertua.