Sakana Burunda txirrindulari martxa Vuelta baino aste pare bat lehenago jokatuko da

Guaixe 2014ko abuztuaren 22a

Bihar, agorrilaren 23an, larunbatean, 8:30ean, Altsasun. Nobedade moduan bi ibilbide izanen dira: Aralarrera igoko dena (124 km) eta Aralarrera itzoko ez dena (100km)

Burunda Txirrindularitza Klubak IV. Sakana Burunda txirrindularitza martxa prestatu du agorrilaren 23rako. Helburua, orain arte bezala, Sakana ezagutaraztea eta txirrindularekin egun ederra pasatzea da. Proba antolatzeko Rural Kutxa, Lacunza Calor Group, Altsasuko Udala eta hainbat komertzio eta erakunderen babesa jaso du Burundak.

Aurreko urtean maiatzaren 18an jokatu zen proba, euripean eta elurpean eta 66 txirrindularik hartu zuten parte. Eguraldi txarraren eraginez San Migelgo krono-igoera bertan behera geratu zen, Aralarren elurra ari zuelako. Eguraldi hobea izateko asmoz agorrilera aldatzea erabaki zuen Burunda klubak, eta aurten Vuelta irailaren 3an Aralarren despedituko dela eta horrek sortuko duen tiroia aprobetxatzeko, agorrilaren 23an aginen dute. “Vuelta baino aste bat lehenago ospatu nahi genuen, baina oporretako itzulera denez ez digute agorrilaren 30ean ospatzen utzi. Hortaz, 23an aginen dugu” adierazi dute Burundi klubetik.

Bi ibilbide
Nobedade moduan, aurten bi ibilbide izanen dira: ohikoa, tartean Uharte Arakilgo pistatik Aralarrera igoko dena, 124 km-koa, eta laburrago bat, Aralarrera igoko ez dena (100 km).
Antolakuntzak hiru hornidura gune prestatuko ditu ibilbidean barna. Lehena Guardetxen egonen da, eta edari eta janari hornidura izanen da. Ihabarren hornidura likidoa prestatuko dute eta, azkena, Altsasun, helmugan, hornidura likidoa eta janariarekin.

Antolatzaileek parte-hartzaileen esku jarriko du laguntza mekanikoa, ibilbide guztian barna. Proba trafikoa zabalik dagoela gauzatuko da, San Migelgo igoera kronometratua izan ezik.

Ohiko proba, San Migelera itzoko dena (24 km eta 2.011 metroko desnibela)
IV. Sakana Burunda proba ez lehiakorra da. Ohiko ibilbidea mantendu dute. Larunbatean goizeko 8:30ean Altsasuko Foru Plazatik aterako dira txirrindulariak, Ziordirantz. Han buelta hartuta Urbasako Altamira portua igoko dute, Etxarriraino joateko. Han Lizarragako Katea igo, Arbizutik jaitsi, Uharte Arakilen Aralarko portua igo, Baraibartik Oderitzera jo eta Madotzeko portua jaitsiz, buelta hartu eta Altsasuraino jotzeko. 124 km-ko ibilbidea izanen da, 2.011 metroko desnibelarekin.

Uharte Arakildik (456,30 m) San Migelera (1216 m) bitarteko 9,4 km-ko igoera kronometratua izango da, proba ez lehiakorrari saltsa eman nahian. Gehienezko malda %18koa da. Lehen gizonezkoak eta lehen emakumezkoak Momotxoarroaren irudia duen trofeoa jasoko dute, eta baita ere 18-39 urte arteko lehen gizonezkoak, 18-29 urte arteko lehen emakumezkoak, 40-59 urte arteko lehen gizonezkoak eta 30-39 urte arteko lehen emakumezkoak. Duela 3 urte Carlos Palaciosek ezarri zuen denbora onena (30:47).

Ibilbide laburra (100 km, Aralarrera itzo gabe)
Ibilbide laburra ohikoarena bezalakoa izango da baina Uharte Arakilera helduta Aralarrerantz jo beharrean aurrera egingo dute txirrindulariek, Zuhatzuraino. Bertatik buelta hartu eta Altsasuko helmugarantz joko dute.

Opari lotea
Txirrindularien artean babesleek emandako opari lote sorta ederra zozketatuko da.  

Izena emateko: www.clubciclistaburunda.com
Aurrez izena emateko Burunda klubeko web orrira jo behar da. Bestela, egunean bertan galdetu daiteke, Gure Etxean, beti ere antolakuntzak jarritako 250 parte-hartzaileen muga gainditua ez badago. Probaren informazio guztia, rutometroa barne, Burundako web orrian dago ikusgai.