45. Otadiko Kristo Deuna Pilota Torneoa. Lehen finalerdiko emaitzak
Jubeniletako buruz burukoa: Espinal 18 / Andueza 9
22 urtez azpiko lau t´erdia: Errandonea 18 / Ansa 7
Elite mailako binakakoa: Elezkano I –Gorriti 22 / Azketa-Lasa 20
Larunbatean hasi zen Sociedad Deportiva Alsasuak antolatutako 45. Otadiko Kristo Deuna Pilota Torneoa. Afizionatuen mailako Altsasuko txapelketa ezagunean aurten bi finalerdi eta irailaren 13ko final handia jokatuko dira.
Burunda pilotalekuan giro ederra izan zen larunbatean. Lehen finalerdiko partidek emozio handia izan zuten, binakakoak bereziki. Jubenil mailan buruz buru aritu ziren Espinal eta Bakaikoa etxarriarra ordezkatu zuen Andueza, eta lehendabizikoa izan zen jaun eta jabe (18-9). 22 urtez azpikoan lau t´erdian lehiatu ziren Errandonea eta Ansa. 2013ko Otadiko Kristo Deuna txapelketan jubeniletan lehiatu zen Errandonea, buruz buru, eta orduan txapelduna izan zen Bakaikoari 13-18 irabazita. Bada, Errandoneak Altsasuko final handian egotea lortu du, 7 tantotan utzi baitzuen Ansa.
Bukatzeko, elite mailan binaka lehiatu ziren Elezkano I.a-Gorriti eta Azketa-Lasa. Partida ikusgarria izan zen. Hasieran Azketa eta Lasa aurreratu ziren. 10 tantoko errenta izan zuten, 2-12, baina Elezkano jokoan sartu zen, oso seguru jokatu zuen Gorritiren laguntzarekin, eta gauzak zeharo aldatu ziren. Uharte Arakilgo atzelaria izan zen partidako onena. Tantoak pilatzen hasi ziren, baina hala ere 10-18 aurreratuta zeuden Azketa eta Lasa. Elezkanok eta Gorritik ez zituzten besoak jaitsi eta erremontada ikusgarria lortu zuten, 22-20 irabaziz.
Larunbatean bigarren finalerdia
Larunbatean, irailaren 6an, bigarren finalerdia jokatuko da. Gazteen buruz burukoan Lasok Olaizola izango du aurkari. Lau t´erdian, aldiz, 22 urtez azpiko Olano eta Larunbe lehiatuko dira. Bukatzeko, elite mailan Ontsalok eta Linzoain nafarrek Azpiri eta Irusta bizkaitarren kontra jokatuko dute.