Kontrolak, okupazioak, jarraipenak, oldarraldiak, identifikazioak, mehatxuak, irainak, muntai polizial, isun politikoak eta beste pairatzen segitzen dutela salatzeko Ospa Eguna antolatu zuen larunbatean izen bereko mugimenduak. Herri indarraz botako ditugu leloarekin, larunbatekoa “elkarlanean errepresioaren aurkako aldarrikapena indartzeko eguna” izan nahi izan zuen. “Indar eta kontrol sozio-politikoaren bidezko okupazio eta inposizioa” salatu nahi izan zuen Ospa mugimenduak.
Horretarako, eta pasa den urtekoa ez gertatzeko, Ospa mugimenduak Altsasuko kulturako, festako eta bestelako gizarte adierazpideak atera zituen kalera; “herriak soilik okupatzen duelako herria”. Bi kalejiratan banatu zituzten adierazpide horiek. Nettoko aparkalekutik abiatu zen bata eta bestea Mendia ostatuko biribilgunetik. Herrian barnako kalejira luzean Ospa eguneko aldarrikapenak irudikatu ziren parodia, antzerki, joko, kontzertu eta bestelakoen bidez. Ibilbidean 1934ko lastailaren 4an Guardia Civilak hildako Emiliano Eguzkizaren senideei omenaldia egin zieten. Ospa mugimendutik Altsasuko, Sakanako eta Euskal Herriko herritarrak errepresioaren aurka borrokatzera animatu zituzten.
Polizia dentsitateaz
Sakana Europa Batasunean polizia dentsitate handiena duen eremua duela salatu zuen Ospa mugimenduak. Zabaldu zuenez, Guardia Civilaren kuartelean 30 bat agente daude eta 40 bat Foruzaingoarenean. Kopurua Iruñetik etortzen diren Guardia Civilaren GAR-ekin eta Foruzaingoaren eliteko taldeekin handitzen dela nabarmendu zuten Ospatik. Emandako datuen arabera, mila biztanleko bederatzi polizia daude, Ebk bi gomendatzen dituenean.
Aurreko egunetan eta larunbatean bertan Altsasuko sarreretan Guardia Civilaren eta Foruzaingoaren kontrolak izan ziren.