180 txirrindularik zeharkatu zuten Sakana

Guaixe 2014ko irailaren 2a

Jorge Azanzak moztu zuen probaren hasiera iragartzen zuen zinta.

Burunda Txirrindularitza Klubak antolatutako Sakana Burunda txirrindulari martxa arrakastatsua izan zen

Agorrilaren 23an, larunbatarekin, burutu zen Burunda Txirrindularitza Klubak antolatutako IV. Sakana Burunda txirrindularitza martxa. Bizikletarekin egun ederra pasatzea eta Sakana ezagutaraztea zen helburua. Aurreko urtean euripean eta elurpean jokatu zen proba ez lehiakorra –San Migeleko krono-igoera bertan behera utzi behar izan zen– eta 66 txirrindulari irten ziren errepidera. Aurten, aldiz, eguraldiak txirrindularitza festarekin bat egin zuen eta 180 txirrindulari aurkeztu ziren irteerara.

Antolakuntzak berrikuntza moduan bi ibilbide proposatu zituen: ohikoa (124 km, 2.011 metroko desnibela) eta Aralarko San Migel igoera kronometratua zuena, eta laburragoa (92,45 km), Aralarko San Migelera igotzen ez zena. 180 txirrindularietatik gehienek ohiko ibilbidea, luzeena, aukeratu zuten. Altsasutik aterata, Ziordiraino jo zuten, buelta hartu eta Urbasako Altamira portua igotzeko. Handik jaitsita, Etxarri Aranatzeraino heldu ziren eta Lizarragako Katea igo zuten, Arbizutik jaitsi eta Uharte Arakileraino heltzeko. Han, San Migelera igo ziren Uharteko pistatik eta Baraibartik Oderitzera jo zuten, Madotzeko portua jaitsi eta bertatik Altsasuko helmugaraino heltzeko.

Azanzak moztu zuen hasierako zinta
Tropelaren artean txirrindulari afizionatuak ziren guztiak, baina baita ezagunak ere. Probaren hasierako zinta Euskalteleko txirrindulari ohi Jorge Azanza altsasuarrak moztu zuen, Migel Indurain eta Movistarreko Jon Izagirre txirrindularien laguntzarekin. Bestalde, Xabier Zandio, Pablo Urtasun eta Iñaki Isasi ere txirrindularien tartean ikusi genituen.  

Altsasukoa proba ez lehiakorra da, baina saltsa emateko Uharte Arakildik (456,30 m) San Migelera (1216 m) bitarteko 9,4 km-ko igoera kronometratu egiten dute. Gehienezko malda %18koa da. Duela 3 urte Carlos Palaciosek ezarri zuen denbora onena (30:47) aurten ere ez zen gainditu. Felix Valcarcel iruindarra izan zen azkarrena (31:52). Lehen sakandarra Iñigo Arellano altsasuarra izan zen, hirugarren postuan sartuta (32:32) eta lehen emakumezkoa Rebeca Ruiz de Azua gasteiztarra (46:02).

Bukaeran txirrindulariek eta gertukoek Burunda klubak 200 pertsonendako prestatutako paellaz gozatzeko aukera izan zuten. Loli Claver, Alejandro Hernandez eta Pili Lezak prestatu zuten eta txirrindulariek biziki eskertu zuten. Guztiak ibilbidearekin liluratuta zeuden eta Burundako antolakuntzaren lan ederra goraipatu zuten.  

www.clubciclistaburunda.com
Aralarko kronoigoeraren sailkapena, informazioa, argazkiak eta beste.

Sakandarrak Aralarko kronoigoeran
1.Felix Valcarcel (Iruñea): 31:52
3.Iñigo Arellano (Altsasu): 32:32
5.Iraitz Goñi (Arbizu): 32:57
9.Alfredo Amillano (Altsasu): 34:54
39.Karlos Zelaia (Uharte Arakil): 40:20
44.Julen Palacios (Lakuntza): 40:40
52.Isidro Asurabarrena (Altsasu): 41:59
56.Jaime Olza (Altsasu): 42:42
60.Iñaki Alvaro (Altsasu): 43:31
66.Xabier Seco (Altsasu): 44:28
71.Javier Borrega (Altsasu): 44:49
72.Juan Martinez del Olmo (Altsasu): 45:10
95.Luis Lopez (Altsasu): 48:18
98.Carlos Gerendiain (Uharte Arakil): 48:40
99.Jose Mari Irañeta (Uharte Arakil): 48:45
125.Javier Arellano (Altsasu): 52:28
143.Jose Luis Galparsoro (Olazti): 1:00:44