Ospa egunari atxikimendua adierazi zion Sortuk. Nafarroako eledun Maitane Intxaurragak adierazi zuenez, “Euskal Herriaren desmilitarizazioa abiatzeko unea da, Guardia Civilak alde egin behar du”. Intxaurragak gogora ekarri zuen Nafarroan mila biztanleko 5,4 polizia daudela, Europan 3,37 denean. Aldi berean Guardia Civilaren “helburu bakarra lege arrotzak inposatzea” dela azpimarratu zuen, eta “zigorgabetasun eta boterearen gehiegikerien erakusle” direla nabarmendu. Horregatik, Ospa eguneko aldarrikapenekin bat egin zuen Sortuk.
Bestalde, PPko Sakanako Eskualde Batzordeko buru Juan Antonio Extremera Apestegiak salatu egin du Altsasu Guardia Civilaren kontra eta hura iraintzen dituzten pintadez josia egotea. “PPtik erabateko babesa ematen diegu Guardia Civilei eta Estatuko indarrei, bereziki Altsasuko kuartelekoei, lan handia egiten dute Nafarroako eskualde zail batean”.