Dantzalekuko hariztiaren ibilbide interpretatiboa zabalik

Guaixe 2014ko irailaren 4a

Agorrileko azken asteazkenean, udako giro ederrean, mustu zuten Dantzalekuko hariztiaren interpretazio ibilbide berria: Sakana, haritzaren lurra. Basotik itsasora izena duena. Bertaratu zirenek Albaola, Itsas Kultur Faktoriako arduradunaren eskutik bisita gidatua egiteko aukera izan zuten. Ondoren auzatea egin zen, herriko musikariek girotua; iluntzean, azkenik, Anne Etchegoyen eta Aizko abesbatzak kontzertua eskaini zuen Nafarroako Gobernuaren Cultur programaren barruan.

Ibilbidea XVI. mendeko San Juan baleontziaren errepika eraikitzeko proiektuari lotua dagoenez  Donostia 2016 Fundazioaren lehendakari Juan Carlos Izagirrek parte hartu zuen irekiera ekitaldian;  baita egitasmoa bultzatu duten erakundeen ordezkariak ere: Xabier Agote Albaola Fundazioaren lehendakaria, Garazi Urrestarazu Altsasuko alkatea, Iker Manterola Sakanako Garapen Agentziako teknikaria eta Isabel Elizalde Cederna Garalurreko kudeatzailea.

Ibilbidearen hasiera Dantzalekun
Ibilbidearen 700 metrotan informazio panelak eta 10 txantiloi topatuko ditu bisitariak. Zuhaitzen zurarekin ontzigintzarako lortzen ziren piezak modu ulerterrazean ikusten dira. Haritza galeoiak sortzeko erabiltzen zenean basoen ustiapena egin zen XVI. mendean. Ibilbide honek Altsasun egindako lanketa jartzen du balioan.

Sakanako basoen kudeaketa itsastiarra ezagutaraztea du helburu egitasmoak. Albaola Fundazioaren eta Sakanako eskualdearen arteko elkarlanean oinarritutako proiektu zientifiko eta kulturala da, eta Donostiaren 2016ko Europear Kultur Hiriburutzaren barnean kokatzen da. Altsasuko Udalak bultzatu du eta Nafarroako Gobernuak eta Cederna Garalurrek Feaderren bitartez diruz lagundu dute.

Gerora begirako asmoak
Sustatzaileek kultur gune irekia izatea nahi dute. Ibilbidean ikusten da azken emaitza, baina asmoa litzateke ikasketa eta ikerketa prozesua abiatzea jakiteko XVI. mendean nola landatzen zituzten zuhaitzak, pieza jakinak lortzeko nola lantzen zituzten adarrak, inausketak noiz eta nola egiten ziren eta abar jakiteko. Ondoren asmoa izango litzateke jakintza hori dokumental batean jasotzea, “Sakanako basoak balorean jartzeko” azaldu digu Iker Manterolak. Altsasukoak azaltzen du erabilera itsastiarra, baina Sakanako hariztiek hainbat erabilera izan dute mendetan zehar, hala, hariztien sare bat sortu nahi da gure eskualdean: angio edo dehesaren erabilera edo beste batzuk balioan jartzeko.