Altsasuar guztiek etxean jaso dute udalak ikasturte berrirako eginen duen eskaintza. Hor jaso dira Emakumeen Bilgunearen (emakumeentzako ikastaroak eta tailerrak), ludotekaren (2002-2014 urte bitartean jaio direnen taldeak), Gazteria saila (12-30 urte bitartekoentzako ikastaroak eta tailerrak, eta gehiago Intxostiapuntan), kultura saila (antzerki taldea), Kirol zerbitzua (kirol eskolak) eta Zelandi kiroldegia (hainbat jarduera).
Dagoeneko guztietan izen ematea zabalik dago. Udalaren web orrian dago guztiaren berri. Errentaren araberako prezioak ezarri dira Emakumeen Bilgunea eta Kulturako jardueretan. Hobariak eskuratzeko iazko errenta aitorpenaren kopia aurkeztu behar dute interesdunek.
Udaletik nabarmendu dituzte, alde batetik, Emakumeen Bilguneak eskaintzen duen Neure burua zaintzen ikastaroa. Genero ikuspuntutik abiatuta emakume izateko aukera anitzak eta berriak jorratuko dituzte. Bestetik, Gazteria sailak eskainitako Jolasa eta bere saltsa ikastaroa nabarmendu dute, helburua duelako: parte-hartzea eta elkartegintza bultzatzea, baliabide praktikoak emanez aisialdi osasungarrirako proiektuak dinamizatzeko, beti ere jolasa tresna nagusitzat hartuta.