La Encina, Altsasuko Extremadurako elkarteak, erkidegoko eguna ospatzeko ekitaldiak antolatu ditu domekarako. Hura despeditzeko musika emanaldia iragarri du. Merche Cuadrado kantariaren emanaldia izanen da. Espainiar kantua eta bere sorkuntzak ere eskainiko ditu Cuadradok. Azken horien artean daude koplak, pasodobleak, fandangoak, sevillanak edo flamenkoa.
Eskarmentu handiko kantaria da Quintana de la Serenako (Badajoz) kantaria. Makina bat aretoetan eta telebistetan aritua. Hainbat disko grabatuak ere baditu. Bere herri-kide asko bezala sorterria utzi zuen pasa den mendeko 70eko hamarkadan eta Euskadira joan zen bizitzera. Bizi-toki berrian Extremadurako kultura zabaltzeko ahalegina egin zuen Cuadradok, beste hainbatekin batera. Hala, Hego Euskal Herrian makina bat emanaldi eskaini ditu, baita Extremaduran ere. Etziko emanaldia Iruñeko Extremadurako Etxeko Raices y Brotes taldearen saioarekin despedituko da.