Paz Treuquil margolari maputxearen Gure sustraiak ardazten erakusketarekin mustuko da gaur Basoko Mari espazio berri altsasuarra. Ngulumapukoa (Los Rios, Txile). Sortzaileak han eman du bere bizitzaren zatirik handiena. Landa eskoletan kultura artekotasun irakasle zela bere kabuz hasi zen margotzen. Ikasleekin batera ikasi zuen margotzen, ikastetxeetako pareta tristeei kolorea emanez. Ikasleek animatu zuten koadroak margotzera.
Bere irudiak antzinakoak dira; lurraren eta animalien edertasuna eta indarra dute, bizitza hutsarena. Bere irakaspena xumea eta aldi berean indartsua da: basoekiko eta errekekiko maitasuna, gure sustraiekikoa, gure benetako izaerarekikoa.
Margo erakusketarekin batera, Altsasuko espazio berriak Guillermo Piqueroren Mitologia salvaje liburuaren aurkezpena hartuko du. Kantabriarra, EHUn kazetaritzan lizentziatua da. El sendero aborigen fanzinea sortu zuen eta hura Europa indigena (www.europaindigena.com) kultur zabalkunderako proiektuaren oinarria izan da. Haren bidez lehen kultura europarren (goi paleolitikoa eta neolitikoa) jatorrizko mundu-ikuskera berriz osatzeko ekarpena egin nahi du.
Piquerok, bere liburuan, gure arbasoen unibertso sinbolikoan barrena iniziazio-bidaia bat egitea proposatzen digu. Bere kontakizunaren ardatza Ama handia eta Animalia basatien jauna izanik (Goi Paleolitoan sortu ziren arketipo sakratuak), berak mundu ikuskera indigena europarra deitzen duenaren alderdirik garrantzitsuenak aletzen ditu. Liburuan euskal mitologiaren aipamen asko agertzen dira, Mari eta inauteria (Altsasuko momotxorroen argazki eta guzti) eta, batez ere, euskara.
Basoko Mari
Bea De la Vegak sustatutako espazioa arte, natura, historia eta mitologiari zuzenduta dago. Sakanako informazio eta turismo argibide gune bat izateaz aparte, dendan ibarreko artisautza-lanak aurki daitezke, besteak beste, Harbizi (sormen artistikoa) eta Selvas mágicas (diseinua) marketakoak.
Gartzia Ximenez kalekoa ez da ohiko souvenir denda bat. Han dituzten pieza guztiek dute haien azalpena, eta benetako testuinguru batean kokatuta daude. Hortaz, “gure piezetako bat eramaten duenak ez du sormen lan berezi bat eramaten bakarrik: gure historiaren zati bat eramaten ari da” zehaztu du De la Vegak.