Altsasuko Saskibaloi Klubak, CBASK-ek, Basket Navarra Club taldearen laguntzarekin, punta-puntako saskibaloi partida antolatu du bihar, larunbatean, 19:00etan Altsasuko Zelandi kiroldegian. Urrezko Leb mailan lehiatzen den Planasa eta Zilarrezko Leb mailan lehiatzen den Araberri Basket Klub taldeen arteko lehia izango da Altsasun jarraitu ahal izango dena. “Aurre denboraldiko partida bat izango da” adierazi digu CBASK-eko Juan Carlos Ormazabalek.
Basketa gustuko duten zale guztiek izango dute partida jarraitzeko aukera. Sarrera doan izango da, eta Zelandi betetzea espero dute antolatzaileek. Puntako saskibaloi partida batekin gozatzeaz gain, saskibaloia sustatzea dute helburu CBASK-ekoek.
Hitzarmena
Izan ere, Altsasuko Saskibaloi Taldeak, CBASK-ek, hurrengo 4 urtetarako hitzarmena sinatu du Planasa taldea sustatzen duen Basket Navarra Klubarekin. Hitzarmen horren ondorioetako bat ere bada bihar Planasak eta Araberri Basket Klubak Altsasun jokatuko duten aurre denboraldiko partida. Hitzarmenaren helburua Basket Navarra taldea indartzea da eta herrietako klubetan dabiltzan gazteei saskibaloian jarraitzeko aukera ematea. Sinadura ekitaldian CBASK-eko presidente Vicente Claver eta Basket Navarrako zuzendaritzako kide Juan Carlos Zabalegi izan ziren.