Altsasun pasan zeuden 384 pertsona izan ziren etxegabeen aterpea erabili zutenak. Batzuk urtean zehar behin baino gehiago erabili zuten etxegabeen aterpea. Guztira 406 egonaldi, aurreko urtean baino bederatzi egonaldi gehiago. Guztiek afaria, gau batez han lo egiteko aukera eta gosaria jaso zuten. Altsasuko aterpeak zortzi plaza ditu.
Altsasuko Udalaren eta Gizarte Politiketarako Departamentuaren hitzarmen baten bidez kudeatzen da zerbitzua. Altsasuko Udalak 33.704,80 euroko ekarpena egiten du. Nafarroako Gobernuak, berriz, 15.174koa (2.098 euro gehiago). Foru administrazioak urtean pertsona bakoitzaren egonaldi bakarra ordaintzen du. Beraz, behin baino gehiagotan pasatzen badira, gastua udalaren bizkar gelditzen da. Garazi Urrestarazu Zubizarreta alkatea kexu azaldu da Nafarroako Gobernua gero eta irizpide zorrotzagoak jartzen ari delako.
Profila
Estatuko gizona (%92), 34 eta 53 urte artekoa, etxerik ez duena eta kalean lo ez egiteko etxegabeen aterpea erabiltzen duena. Nafarroako hiru aterpeen erabiltzaileen profila da hori.