Azanza Euskadi Txirrindularitza Fundazioko proiektu berrian

Guaixe 2014ko irailaren 11

Altsasuarra kirol zuzendaria izango da

Denboraldia bukatzeko gutxi falta denean, txirrindularitza denboraldi berrian dute burua txirrindulari, teknikari eta talde askok. Hori da Pablo Azanzaren kasua. Euskaltel-Euskadiko txirrindulari ohiak bere facebook-ean azaldu duenez, “oso emozionatuta eta motibatuta Euskadi Txirrindularitza Fundazioko proiektu berrian parte hartuko dudalako”.

Izan ere, Migel Madariaga buru duen Euskadi Fundazioak prentsa ohar baten bidez adierazi duenez, 2015erako elite-amateur kategoriako talde berri baten sorreran lan egiten ari da, “orain arte ikusi ez den egitasmoa”. Gorka Gerrikagoitia izango da kirol arduradun nagusia eta kirol zuzendari lanetan Jorge Azanza ariko da. Madariagaren hitzetan “txirrindularien prestakuntza osora bideratuko ditugu indarrak eta 18-20  txirrindulariko taldea izango da. Kirolari modura goren mailako profesionalen esperientzia eta babesa izango dute guztiek”. Oraindik ez dute txirrindularien taldea itxi, baina proiekzio handiena duten Euskal Herriko txirrindulari juniorren gehiengoak proiektu berriarekin bat eginen luke.

Gogoz
Azanzak facebookean adierazi duenez, “gogo asko dauzkat nire ezagutzak erakusteko eta gure txirrindulariei ahal dudan guztian laguntzeko”. Halaber, txirrindulari ohia oso kontentu dago ilusioz betetako proiektu berri horretarako berarekin gogoratu izanagatik, eta konfiantza hori lan eta dedikazio guztiarekin itzuliko duela gaineratu du, lasterketetara itzultzeko gogo asko dituela nabarmenduz.