Gazte Asanbladak Foruzaingoaren jokabidea salatu zuen

Guaixe 2014ko irailaren 11

Gaztetxean sartzen saiatu zirela eta kriminalizazio saioa salatu zuen

Agorrilaren 12an, 14:00etan, Foruzaingoko bi patruila Altsasuko gaztetxean sartzen saiatu zen. Barruan zeuden gazteak barruan itxi ziren, agindu judizialik gabe sartzerik ez zutela gaztigatuz agenteak. Ordu bat lehenago Ernai gazte mugimenduak Israelgo produktuak saltzearen kontrako protestaldia egin zuen Eroskin (Gazaren kontrako erasoen garaia zen). Altsasuko Gazte Asanbladak (AGA) argi utzi nahi izan du protesta hori ez zutela haiek egin.

Foruzainen jokabidearen atzean AGAk “UPNren gaztetxeak kriminalizatzeko saio berri bat” ikusi zuen. Gertaera horren ondorengo astean Foruzaingoaen jarduna (kontrolak, identifikazioak eta beste) handitu zela salatu zuten AGAtik. “Polizia horrek duen agintea gehiegikeriaz erabiltzen du Altsasuko herri mugimendua zapatu, kikildu, kaltetu eta kriminalizatzeko”.

AGAtik gogora ekarri dute 2010eko ilbeltzaren 11n gaztetxean izandako sute baten ondoren Foruzaingoak gaztetxean egindako miaketa. “Legez kanpoko miaketa harekin gure kontra jo, gaztetxea kriminalizatzeko eta, zeinek daki, agian ixteko”.