45. Otadiko Kristo Deuna Pilota Torneoaren finalak (Gaur, larunbatean, 18:00etan, Burundan)
Jubeniletako buruz burukoa: Espinal / Olaizola
22 urtez azpiko lau t´erdia: Errandonea / Bakaikoa
Elite mailako binakakoa: Elezkano I.a-Gorriti / Azpiri-Irusta
Ordua iritsi da. Bi finalerdi jokatu ondoren, bihar, larunbatean, Sociedad Deportiva Alsasuak (SDA) antolatutako 45. Otadiko Kristo Deuna Pilota Torneoaren final handiak jokatuko dira Altsasuko Burunda pilotalekuan, Altsasuko festen lehen egunarekin batera, 18:00etan. Zeresana emango dute finalek, puntako pilotariak ariko baitira kantxan.
Jubeniletan Espinal eta Olaizolaren arteko partida interesgarria espero da. Ordezkari sakandarrak ere izanen ditugu. 22 urtez azpikoan, lau t´erdian, Errandonearen kontra ariko da Joanes Bakaikoa etxarriarra. Lehia bizia espero da, afizionatuetan izena egiten ari diren bi pilotariren arteko lehia izanen baita hau. Azkenik, elite mailan Elezkano I.arekin osatuko du bikoa Gorriti uhartearrak, Azpiri eta Irusta bizkaitarren kontra aritzeko. Ea txapelak Sakanan gelditzen diren.