45. Otadiko Kristo Deuna Pilota Torneoaren finalak
Jubeniletako buruz burukoa: Espinal 7 / Olaizola 18
22 urtez azpiko lau t´erdia: Errandonea 18 / Bakaikoa 15
Elite mailako binakakoa: Elezkano I.a-Gorriti 22 / Azpiri-Irusta 20
Larunbatean Sociedad Deportiva Alsasuak (SDA) antolatutako 45. Otadiko Kristo Deuna Pilota Torneoaren finalak jokatu ziren Burunda pilotalekuan, Altsasuko festen lehendabiziko egunean. Giro ederra izan zen frontoian eta 400 ikusle inguru hurbildu ziren frontoira, puntako pilotari afizionatuen partidez gozatzera..
Bakaikoa ongi baina txapelarik gabe
Lehendabizi gazte mailako Olaizola eta Espinal buruz buru lehiatu ziren. Olaizolak sakez 6 tanto egin zituen eta garaipen erosoa lortu zuen Espinalen kontra (18-7). Bigarren partida, aldiz, askoz ere lehiatuagoa izan zen. Errandoneak eta Joanes Bakaikoa etxarriarrak jokatu zuten 22 urtez azpiko finala, lau t´erdian. Pilota munduan zeresan asko emango duten bi pilotarien arteko lehia izan zen hau. Erritmo bizian hasi zuten lehia Errandoneak eta Bakaikoak, eta nahiz eta gero erritmoa moteldu, partida oso bizia eta entretenigarria izan zen, bi pilotariak parez pare aritu baitziren. Biak aritu ziren ongi, Errandonea erasoan eta Bakaikoa oso argi, erantzunean eta defentsan bikain. Tamalez, Bakaikoak ezin izan zuen txapela etxean utzi, Errandonea 18-15 gailendu baizitzaion.
Gorriti onena
Bukatzeko, senior mailan Elezkano I.ak eta Gorriti uhartearrak Urbieta II.a-Irusta izan zituzten aurkari. Sekulako partida izan zen. Lehen zatian Elezkano I.a eta Gorriti nagusitu ziren –13-1eko errenta lortu zuten–, baina arerioak esnatu eta bigarren zatian Urbieta II.a eta Irusta izan ziren nagusi,19-16 eta 20-18 hurbildu baitziren. Azkenean Elezkano I.ak eta Gorritik jantzi zuten txapela, 22-20 irabazi eta gero. Gorriti uhartearra izan zen partidako onena.
Sari ematean Altsasuko alkate Garazi Urrestarazu, kirol zinegotzi Ruben Imaz, SDA-ko presidente Pablo Lopez Colina, SDA-kop pilota arduradun Florencio Aiestaran eta Nafarroako Pilota Federazioko ordezkari Pablo Lopez de Goikoetxea izan ziren.