Goizeko 10:00etan hasi da Sociedad Deportiva Alsasuak (SDA) antolatutako Altsasuko 85. Txirrindularitza Lasterketa. Orduan fresko zegoen eguraldia, baina 121 km jokatu eta gero beroa zen nagusi.
Txirrindulariek bitan igo behar izan dute Lizarragako portua eta hirutan Altamira. Hasieran ihesaldiak izan dira eta azkenean aurrea hartu duen 3 txirrindulariko taldea iritsi da helmugara aurretik. Taldea nahiko estiratuta zegoen. Helmugaren faltan 500 metro zirela Zirauna-Infisport taldeko Francesc Zurita katalandarrak esprinta jo eta aurretik iritsi da helmugara, Gomur-Cantabria taldeko Juan Ignacio Perezen eta Steven Calderonen aurretik. 2 segundora 5 txirrindulari sartu dira, tartean Rural Kutxako Jesus Alberto Rubio, 7. postuan. Atzetik taldeka sartu dira proban parte hartu duten gainontzeko txirrindulariak.
Probako talde onena Gomur-Cantabria izan da, Rural Kutxaren aurretik.
Bukaeran pozik zegoen 23 urtez azpiko mailakoa den Francesc Zurita. Denboraldi bikaina darama. Taldekideei galdetu behar izan die zenbat garaipen lortu dituen aurten. “Honekin 6 edo 7? 7 erantzun diete taldekideek”. Altsasuko proban bigarren aldiz aritu dela aitortu digu, duela 2 urte ere aritu zela. Eta gaurkorako sentsazio onak zituela. “Niri egokitzen zaidan ibilbidea du Altsasukoak. Portu ez oso gogorrak baina etengabe gora eta behera egiten duzuna. Sagutegi bat, finean. Taldeak oso ongi egin du lan eta garaipena lortu ahal izan dut. Oso kontentu nago” adierazi du. Palmares horrekin profesionala bilakatzeko aukerak baditu kataluniarrak, eta oraindik ezin duela ezer esan adierazi digu, baina hori dela asmoa.
Sari ematean SDA elkarteko presidente Pablo Lopez Colina, Altsasuko kirol teknikari Ruben Imaz eta Burunda klubean trebatu ziren Pablo Urtasun eta Jorge Azanza txirrindulari ohiak izan dira.