Ostiralean tabernetan “ohiko ikuskaritza” egin asmoz Guardia Civilak Altsasuko Foru plaza hartu eta herritar ugari identifikatu eta arakatu zituen, hainbat tabernetan kontrolak eta miaketak eginez. Taberna batzuetakoa asko luzatu zen. Bezeroak eta begira zeuden altsasuarrak identifikatu zituzten. Sorturen arabera Guardia Civilarena “neurrigabekeria galanta” izan zen.
Ezker abertzaleko alderditik adierazi dute Nafarroan Guardia Civila ez dela beharrezkoa; “inposizioaren ispilu, besterik ez dira”. Sorturendako “kaltegarriak dira bizikidetza eta herritarren askatasun demokratikoak bermatzeko. Edozein aitzakia erabiltzen baitute, nahi eran gure herrietako giroa aztoratu, bortxatu eta zigortzeko”.
Sortutik adierazi dute Euskal Herria desmilitarizatzeko garaia dela, Nafarroan mila biztanleko 2 polizia egon beharrean 8 polizia daudela gogoraraziz. Hori “indarrean dagoen Gobernuaren kalitate demokratikoaren adierazgarri da”. Ezker abertzaleko erakundea jendarteari botere gehiago eman, askatasunean oinarrituko den gizarte bat eraikitzearen alde agertu da. Nafarroak kupo bidez halako erakundeak mantentzeko dirutza ematen duela nabarmendu ondoren, Euskal Herria desmilitarizatzeko herritarrek indarrak batzeko deia egin du.