Tanto batengatik Altsasuko partida Zubietarendako

Guaixe 2014ko irailaren 17a

Partida ikusgarrian Irujo-Zubietak 22-21 irabazi zieten Ezkurdia eta Zabaletari

Gozatu ederra hartu zuten atzo Altsasuko Burunda pilotalekua bete zuten pilota zaleek. Lehendabiziko partidan Retegi Bi eta Pascual 8-22 hartu zituzten menpean Altuna III.ak eta Merinok. Eta ondoren iritsi zen partida nagusiaren txanda. Egun profesionalak diren 3 pilotari sakandarrak, Aitor Zubieta, Jose Javier Zabaleta eta Joseba Ezkurdia lehiatu ziren bertan, Juan Martinez de Irujorekin. Kasu honetan Irujok Aitor Zubietarekin osatu zuen bikoa, Ezkurdiaren eta Zabaletaren kontra aritzeko. Eta esan beharra dago lau pilotariek sekulako ikuskizuna eskaini zutela.

Aipatzekoa da hasieran partidan sartzea kosta zitzaiola Irujori, ez zegoela bere onean. Horrela, Ezkurdiak eta Zabaletak errenta polita hartu zuten. 10-18 aurreratuta egon ziren sakandarrak, eta bazirudien partida lotuta zutela. Baina Irujo hobetzen joan zen, eta atzeko koadroetan lan bikaina egin zuen Zubietaren laguntzarekin, eta biek partidari buelta ematea lortu zuten, poliki-poliki eta tantoz tanto lehia parekatuz. Zaleek ederki gozatu zuten, intentsitate eta emozio handiko lehia izan baitzen. 21eko berdinketarekin Burunda frontoia betetzen zuten zaleak altxatu egin ziren harmailetatik, lau pilotarien aldeko animu oihuekin. Ezkurdiak boleaz despeditu nahi izan zuen tantoa, baina bere azken erremate hori kanpora joan zen eta Irujok eta Zubietak irabazi zuten, 22-21. Pilotaren jai handia izan zen atzokoa, zapore paregabea utzi zuena.