"Oso gustura eta pozik gaude euskara ikasten. Klaseak motz egiten zaizkigu"

Maider Betelu Ganboa 2014ko irailaren 19a

Eduardo, Pablo, Jorge, Jose eta Bautista Dos Anjos. AEK-ko euskara ikasle altsasuarrak.

1.Zergatik animatu zineten AEK-n euskara ikastera?
Jaiotzez Portugalgoak gara eta Altsasun bizi gara. Anaiak gara bostak. Mankomunitatean egiten dugu lan, zabor bilketan. Mankomunitatetik egin ziguten euskara ikasteko iradokizuna, guretzat interesgarria izango zelakoan. Horrela, hasiera batean euskara ikastaro berezi bat antolatu ziguten, duela urte bat pasa. Eta aurreko ikasturtean ohiko euskara klaseak jasotzen hasi ginen AEKn. Hasierako taldea izan ginen iaz, eta aurten hurrengo urratsa egingo dugu, A1 izena duena.

2.Astean zenbat ordu ematen dituzue euskara ikasten?
Astelehenetik ostegunera, egunero 2 ordu. Astean 8 ordu, guztira. Guk arratsaldez egiten dugu lan eta, hortaz, klaseak 9:30etik 11:30era ematen ditugu.

3.Talde berean zaudete, ezta?
Bai, gu bostak eta beste hiru ikasle, 8 ikasle guztira. Gizonezkoak gara guztiak, Sonia izan ezik, eta oso ongi moldatzen gara. Aurten ere guztiok jarraituko dugu. Jaione Mendinueta izan zen gure irakaslea. Oso jatorra da, oso pozik geunden berarekin. Aurten ere berarekin jarraitu nahiko genuke, baina ez dakigu nor tokatuko zaigun. Klaseak asteazkenean hasiko dira, eta AEK-ko arduradunek asteartean zehaztuko dute zenbat talde garen, ordutegiak eta zeintzuk izango diren irakasleak. Asteartean jakingo dugu.

4.Zer moduz euskara klaseetan?
Oso gustura. Bi orduak berehala pasatzen zaizkigu. Motz egiten zaigu. Oso pozik gaude.
Jose: Niri asko gustatzen zait euskara ikastea eta hitz egitea. Ikastaro hauek baino lehen ni, nire kabuz, Etxarrin eta Altsasun beste euskara klase batzuetan egon nintzen.

5.Euskara praktikatzen duzue?
Bai. Lantokian euskaldun asko dago, arbizuarrak, leitzarrak… eta beraiekin euskara egiten dugu. Lanean gaudela, zaborra jasotzen, dendetatik eta pasatzerakoan euskaraz hitz egiten dugu: Eroskin, Dyan, tabernetan… Eta gure etxean, seme-alabekin ere praktikatzen dugu. Beraiek euskara ikasten dute ere, eta eurei etxeko lanetan eta laguntzeko ongi etortzen zaigu euskara ikastea.

6.Zaila da euskara ikastea?
Hasieran zaila egiten zaizu, arraroa, baina behin klaseetara joaten hasita, ez. Gainera, horren gustura gaudenez… Zailena, zalantzarik gabe, aditzak dira.

7.Zer diote lankideek?
Aurreratzen ari garela. Albertorekin, lantokiko arduradunarekin, asko hitz egiten dugu euskaraz. Eta gustura. Gure seme-alabekin ere praktikatzen dugu.

8.Euskaltegian jende gehiago ezagutu duzue? Lagun berriak egin dituzue?
Bai, gure taldekoak. Aurreko ikasturtean jende asko apuntatu zen euskaltegira, talde asko zeuden. Horregatik ez zegoen toki askorik eta guk gure lokalean ematen genituen klaseak. Egun batzuetan gela bat libre zegoen eta orduan euskaltegira etortzen ginen. Nahiago dugu klaseak euskaltegian ematea, giroa ezberdina delako, jende asko sartu eta ateratzen delako eta guk ere jende gehiago ezagutzen dugulako. Aurten euskaltegian emango ditugu klaseak eta gogo asko ditugu.

9.Jendea harritu egiten da euskaraz ulertzen duzuela eta  hitz egiten duzuela konturatzean?
Bai. “Hara portugues hauek, euskaraz badakite eta!” entzun izan diegu askori. Sarritan esaten digute. Guri arraroa egiten zaigu bertako jende askok euskara ez ikastea. Baina gauza horiek norberaren erabakiak dira. 

10.Zer diote zuen etxekoek?
Hasieran esaten ziguten oso zaila izango zela euskara ikastea, baina pozik ikusten gintuzten eta eurak ere bai. Denborarekin emaitzak ikusi dituzte: aktibitateak egiten ditugula eta euskaraz hitz egiten dugula.

11.Jendeari  euskara ikastea gomendatuko zeniokete?
Bai, zalantzarik gabe. Animatu daitezela.