Altsasuko liburutegiak egile-eskubideen inguruko tasa ordaindu beharko du

Guaixe 2014ko irailaren 12a

Altsasuko liburutegia.

Europako 2006ko zuzentarau bat indarrean jarri du Espainiako Gobernuak eta 5.000 biztanle baino gehiagoko herrietako liburutegiek maileguan emandako liburu edo erabiltzaile bakoitzeko kanona ordaindu beharko diete egile eta editore elkarteei.

Agorrilaren 1ean argitaratu zuen estatuko aldizkariak gobernuaren dekretua. Haren arabera, 5.000 biztanletik gorako herrietako liburutegiek hiru kontzeptugatik ordaindu beharko dute. Lehenik, egile eskubideak dituzten eta maileguan jarritako obra kopuruagatik. Bigarrenik, maileguan emandako lanen kopurua bider 0,004 euro eginez ateratzen den dirua eta, azkenik, liburutegiko urteko erabiltzaile bakoitzarengatik 0,05 euro.

Kanonaren aurreneko zatia ez da 2016ko aurreneko lehen egunera arte indarrean sartuko. Bitartean, urtero erositako liburu kopurua 0,16 eurogatik biderkatuko da. Erabiltzaile kopuruarena, berriz, indarrean da. Aipatu liburutegiez aparte, kultura, zientzia edo hezkuntza izaera duten museo, artxibo, hemeroteka, fonoteka eta filmoteka publikoek tasa hori ordaindu beharko dute. Hezkuntza erakundeetakoak salbuetsiak daude.

Altsasu
Mariluz Oyarbide liburuzainak azaldu digunez, liburutegiaren eraikina udalarena bada ere, Nafarroako Liburutegien Sarean dago. Oyarbideren ustez liburutegiaren titularrak ordaindu beharko du tasa, “kasu honetan Nafarroako Gobernua da zerbitzuaren titular garrantzitsuena, beraz, berak ordaindu beharko luke tasa”.  

Kanon berriaren ordainketak liburutegi zerbitzuan zein eragin izan dezakeen galdetuta, Oyarbidek esan digu Nafarroako Gobernuak diru gutxi ematen duela erosketak egiteko. “Tasa honekin, agian, oraindik gutxiago izan daiteke. Oso kezkagarria da. Gaur egun Altsasuko Udalari esker hilero berritasunak ditugu. Bestela, gobernuaren dirurekin oso gutxi izanen genuke”.

Europako beste herrialdeetan halako tasa liburutegiei aspaldi kobratzen zaiela azaldu digu Oyarbidek. “Esan beharra dago ere hango liburutegi publikoek zerbitzu handia ematen dutela. Haiekin alderatuta mailegu kopurua txikiagoa da gurean”.

Kontrako iritziak
Altsasuko liburuzainaren kezka bera azaldu dute beste hainbat eragilek ere; liburutegiek tasa berria ordaindu behar badute, euren liburu funtsa berritzeko dirurik gabe edo lauko gutxi batzuekin gelditzea. Edo arrakastaz hiltzea, mailegu asko egin dituztelako diru asko ordaindu behar izatea. Horren ondorio larriena liburutegiren bat tasa ordaindu ezin izateagatik ixtea litzateke.

Bestalde, askok kritikatu dute lege-dekretuak egile eskubideen kudeaketa erakunde pribatuen esku uzten dutelako eta erakunde horiek aberasten dituelako. Europako zenbait herrialdeetan tasa horrekin jasotako dirua kulturara bideratzen dute, esaterako, irakurketa sustatzeko jarduerak bulkatzeko.

Beste askoren kezka da etorkizunean liburutegitik liburu bat maileguan ateratzen duten pertsonei zuzenean kobratzea. Hainbaten ustez, horrek jende askori kulturarako sarbideko ateak itxiko lizkioke.