Batzokitik ikurrina lapurtu dute, atzera ere

Guaixe 2014ko ira. 24a, 13:09

EAJ-PNV: “Altsasutik abertzaleen sinbolo hau desagerrarazteko UPNren estrategiari segida ematen diote” egin dutenek.

Festetan Bakea kalean dagoen Batzokitik ikurrina ostu zutela salatu du Altsasuko EAJ-PNVk. Pasa den urteko azaroan ere gauza bera gertatu zen. Jeltzaleen Altsasuko Udal Batzordeak gogor salatu du lapurreta, haren iritziz “abertzale garen guztiok arbuiatu beharko genukeen erasoa da”.

NaBai 2011 koalizioan zinegotzi diren alderdikideek adierazi dutenez, “Altsasun identitate sentimentu ugari daude eta guk guztiendako errespetua eskatzen dugu. Ikurrina moduko sinbolo bat ez jazartzeko ekimenak babestu ditugu herrian”. EAJ-PNV-tik euren egoitzako ikurrinarekiko errespetua eskatu dute; “badirudi batzuei gure egoitzako ikurrinak traba egiten diela. Espazio publikotik sinbolo hori kentzea, lapurtzea, UPNren estrategiari bide ematea da. Hark helburu bera bilatzen du epaitegietan”.