Ostiralean XVI. Extremadurako kultur jardunaldien pregoia Jon Maia Soriak irakurri zuen, bere familia ordezkatuz. Esker ona azaldu zuen Maiak. Extremadura eta Euskal Herriko kulturen jabe izateko pribilegioa zuela aipatu, nahiz eta gainditu dituen aurreiritzi, konplexu eta lotsak bizi izan. Maiak 1997ko txapelketa nagusiko finalean emandako bertso bat, Pirritx eta Porrotxendako egindako Abuela Maria Luisa kantuko bertsoak eta bere amonaren omenez sortutako koplak kantatu zituen Maiak. Kulturen fusioa sustatzeagatik eskertu zuen La Encina.
Bertso-eskolan ari diren Aitziber Grados, Amets Artieda, Idoia Granizo, Haritz Goikoetxea eta Ekain Alegre igo ziren eszenatokira, bertso-paperak kantatzera. Josema Leitzak entzuleei bertsolari gazteek landutako gaien berri eman zien. Batera edo bestera, Extremadura eta Altsasuren aipamenak egin zituzten. Azkena ez izateko esperantzarekin agurtu zuten saioa. 150 urte bete dira aurten Jose Iriarte Zufiaurre, Ttotto, bertsolaria altsasuarra jaio zela. Haren iturriak segida du.