Kartzela Gure Etxea eraikinera bueltatu da

Guaixe 2014ko urr. 1a, 17:35
Mustutze egunean jende asko gerturatu zen.

Altsasu Memoriak 1936aren inguruko erakusketa zabaldu du

Joan den mendeko 30eko hamarkadako jantzi, agiri, argazki eta abarrekin antolatu du Altsasu Memoriak garai harren inguruko erakusketa. Gure Etxea eraikinean orduan zegoen kartzela eta gaur egungo erakusketa gelan, bere berezko kokapenean, erreprodukzioa egin dute.

Altsasu Memoria taldeak herriko historia osatu eta berreraikitzeko lanean ari da. Bi urte egin ditu dagoeneko egiteko horretan. Herriaren lehen aipamenetik 1.950 urtera arteko tartean jasotako informazioa ikus-entzunezkoen laguntzaz eman zuten Iortia kultur gunean martxoaren 28an. Han azaldutako asko dago orain ikusgai. Lehen aipamenen, eta euskararen inguruko testigantzak daude, baina gerra zibilean gertatutakoari errepaso zabala egiten zaio erakusketan.

Kolektiboko kide Josu Imaz Primek esan digunez, taldea egunero ari da informazio berria jasotzen. Baina jasotako garai batekoa plazaratu nahi zuten. Bide batez, aukera baliatu nahi izan dute “erakusketa elkargune bihurtu, informazio gehiago jaso edo kontrastatzeko”. Imazek esan digunez, erakusketa finko bat prestatzea zaila da, baina jasotako materiala gorde eta etorkizunean beste zabalago bat antolatzea ez dute baztertzen. Gaia asko aztertzen ari dira eta haiek plazaratzeko aukeraketa egin beharko dutela azaldu digu Imazek.

Ordutegia
Lastailaren 5era arte, astegunetan 18:30etik 21:00etara eta asteburutan 12:30etik 14:30era eta 18:30etik 21:30era Altsasuko Gure Etxea eraikinean.


Hitzaldia: Altsasu, 1934-1950
Ostiralean, 19:00etan Altsasuko Gure Etxea Eraikinean. Hizlariak: adineko altsasuarrak eta Altsasu Memoriako kideak.