Udalak frankismo garaiko biktimak omenduko ditu

Guaixe 2014ko urriaren 3a

Domekan, 12:00etan, Foru plazan haien omenezko plaka bat jarriko da. Altsasuarrak ekitaldian parte hartzera gonbidatu dituzte

Altsasuko Udaleko Memoria Historikoko batzordean landuriko ekimena da etzikoa, Altsasu Memoria kolektiboarekin elkarlanean. Frankismo garaian errepresaliatutako altsasuar guztiak omenduko dituzte ekitaldi horretan, plazan, haien oroimenezko plaka jarriz. 

Memoria Historikoko batzordeak badarama hilabete batzuk lanean. Orain arte informazioa eskuratzea izan da bere zeregina. “Datuak eskuan, garai beltz haietan sufritu zuten pertsonei omenaldi instituzionala egitearen beharra ikusi dugu”, esan du Garazi Urrestarazu Zubizarretak.  

Alkateak gaineratu duenez, “berdintasun eta justiziaren baloreak totalitarismoaren aurrean defendatzeagatik izan ziren pertsona horiek erailak, kartzelatuak edota errepresaliatuak”. Urte askotan ahaztuak izan direla eta Altsasuko herriak errepresaliatu haiek bere oroimenean izatea “justizia, egia eta erreparazioaren izenean beharrezkoa” dela uste dute udalean. Aipatu hiru balore horietan elkarbizitza eraiki behar dela gaineratu dute batzordean.