Aurreko urtean bezala, Mendien Kluben eguna hartuko du Altsasuk aurten. 12. edizioa izanen da, “Goazen denok mendira” lelopean, igandean, lastailaren 5ean ospatuko dena. Helburua Nafarroako mendizaleak bildu eta ibilbide eder baten ondoren egun pasa polita egitea da. Dantzaleku Sakana klubeko mendi sekzioa antolatuko da egunaren antolaketaz, Altsasuko Mendigoizaleak taldearen eta Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioaren laguntzarekin eta hainbat babesleren laguntzarekin.
Bi ibilaldi: 21 km eta 14,5 km
Dantzaleku Sakana klubak bi mendi ibilaldi antolatu ditu, guztiek, helduek eta haurrek, parte hartzeko aukera izan dezaten. Aurreko ibilbidean aldaketak egin dituzte. Bi ibilbideak goizeko 9:00etan abiatuko dira Altsasuko Foru Plazatik. Dantzalekutik San Pedrora iritsiko dira mendizale guztiak, eta hortik Arania igoko dute. Hortik aurrera bi aukera izango dituzte mendizaleek, ibilbide luzeagoa egitea edo laburragoa.
Martxa luzea (21 km) Aitzarteraino iritsiko da. Ondoren Saltsasmendiraino joko dute, segidan Intsusburura heltzeko. Intsusburutik Urdiaingo igerilekuetaraino jaitsiko dira. Puntu honetan ibilbide motzarekin bat egingo du ibilbide luzeak. Urdiaingo igerilekuetatik Sarabe bailara zeharkatuko dute mendizaleek. Ondoren, Txonbonaizazpira helduko dira, Soroanburutik Altsasuko helmugaraino iristeko.
Ibilbide laburra 14,5 km ingurukoa da. Araniatik Aitzartera egin beharrean, Urdiaingo igerilekuetaraino iritsiko dira mendizaleak, aipatu berri dugun ibilbideari ekiteko. “Ibilbide motzarekin etxeko txikienak animatu nahi ditugu, mendizaletasuna sustatu. Gaztetxoekin egiteko ibilbide paregabea da hau, Sarabeko bailara ikusgarritik barna” adierazi digu Dantzaleku Sakanako Peio Bergarak. Halaber, Bergarak azpimarratu nahi izan du ibilbide hauek “oinez egiteko direla, mendiaz disfrutatzeko, ez korrika egiteko”.
Aurreko urtean ia 400 mendizale bildu ziren Altsasun, eta aurten parte hartzea sendotzea nahiko lukete. Emakumeak eta haurrak mendira hurbiltzea da helburuetako bat.
Autogestionatutako bazkaria
Bukaeran, pintxo pintxo txistorra eta salda beroa hartzeko aukera izango dute mendizaleek. Eta gero, proba burutu duten mendizaleak eta nahi duten guztiak Zelandi frontoian bilduko dira bazkaltzera. Talde bakoitzak bere bazkaria emango du. Aldiz, antolakuntzak edaria, ogia, kafeak eta likoreak eskainiko ditu, eta baita bazkaria girotzeko musika ere. Festarekin bat egitera animatu du Bergarak.
Lopezi, Iglesiasi, Bengoetxeari eta Salgadori omenaldia
Dantzaleku Sakanak 4 altsasuarrei errekonozimendua eginen die igandean, mendizaletasuna bulkatzeagatik eta mendizaletasunaren inguruan lan egiteagatik. Mendi ibilaldien hasieran izanen da omenaldietako bat, eta bazkalondoan bestea. Omenduak Luis Mari Lopez, Pello Iglesias eta Andres Bengoetxea mendizaleak dira, Altsasuko Mendigoizaleak taldeko sortzaileetakoak, eta Jose Antonio Salgado mendizalea eta mendi korrikalaria. “Mendizalea izateaz aparte, Sakanan mendi lasterketetan hasi zen aitzindarietako bat da. Oraindik mendi lasterketetan parte hartzen du, bera da Zegama-Aizkorrin parte hartzeko gonbidapena jasotzen duenetako bat” azaldu du Bergarak.