Luis Diego Diezek bere master akaberako lanean planteatu du proposamen bat Sarrigurengo ekohirian hiri baratzeak jartzeko. Diegok esan duenez, “eredu alternatibo bat da hiri sarean baratze jardueren bidez berdeguneen zati bat kudeatzea; eta horrek aukera ematen du baliabideen kudeaketa eraginkorragoa eta iraunkorragoa egiteko”. Proposatutako diseinuaren gakoen artean nabarmentzen dira diseinu erakargarri bat, lursail txikiak sortzea etxebizitzetatik hurbil, etxeetan sortzen diren hondakin organikoen konpostatzea sartzeko aukera, eta barazkien hazkuntza beste labore batzuekin osatzeko aukera.
Altsasuarra nekazaritzako ingeniari teknikoa eta Ingurumen Zientzietan lizentziaduna da, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU) batera eman duen Ingurumen Agrobiologiako Masterra egin du. Bere master akaberako lana, Baratze lorategiak hiri inguruan, proposamen bat Sarrigurengo ekohirirako”, NUPeko Nekazaritzako Ekoizpen Saileko Natxo Irigoyen irakasleak zuzendu du.
Lanaren egileak Sarrigurengo ekohiria hautatu zuen zeren "hiri iraunkorraren erreferente gisa sortu baitzen. Eraikuntza bioklimatikoa, energia aurreztea, hondakinak kudeatzea, ingurumen hobekuntza eta halako irizpideetan oinarritzen zen planteamendua, eta honelako ekimen bat hobezin garatuko zen, azkenik gauzatu ez zen arren. Hala ere, Sarrigurenek berdegunea den eremu handia dauka, belardia dena, hiri baratze horien proposamena abian jartzeko aukera ematen duena.
Azaltzen duenez, kudeaketa eredu horren xedeak dira hiritarren bizi kalitatea hobetzea, gizartearen arteko harremanak sustatzea, hiri ingurunea aberastea biodibertsitatea areagotuz, inputen kontsumoa murriztea, eskala txikian nekazaritza ekologikoa garatzea eta hondakin organikoen kudeaketa hobetzea.