Altsasu Memoriak Emilio Iguzkizaren gogorarazteko ekitaldia antolatu du

Guaixe 2014ko urr. 10a, 10:17

Domekan, 13:00etan, Gartzia Ximenez kalean izanen da, elizara daraman etxartean, Guardia Civil batek tiroz hil zuen lekuan.

Asteazkenean 80 urte bete ziren Emilio Iguzkiza Guardia Zibil baten tiroak jota hil zela. Haren kasu ahaztua argitara atera du Altsasu Memoria taldeak eta urteurrena baliatuta omenaldia antolatu du.

Lastailean 80 urte bete ditu Asturiasko Iraultzak. Langileek greba orokorra egin zuten 1934ko udazken hartan. Haien helburua iraultza sustatzea eta sistema kapitalista sozialista bategatik ordezkatzea zen. Nafarroan hainbat protesta eta atxiloketa izan ziren. Altsasun trenbidean eta argindar sarean sabotajeak egin ziren. Atxilotuak ere egon ziren. Testu inguruan gertatu zen Iguzkizaren erailketa.

Gertakariak
Lastailaren 8 hartan manifestazio bat zebilen Altsasun barna. Hura bukatu aurretik Guardia Civila agertu zen eta manifestarien artean zegoen Constantino Salinas atxilotu zuten (udaleko zinegotzia zen eta sei hilabete lehenagora arte Foru Diputazioko lehendakari orde izana).

Iguzkiza Txoko taberna ondoan zegoen, espaloian, 14 hilabeteko Justi semea besoetan zuela. Atxiloketa ikustean oihuka protesta egin zuen: “ez dago eskubiderik! Erraz eramanen dute gizon bat bost guardia civilek!”  Hori entzunda, guardia civiletako batek gertutik, Gobernadore Etxeko sarreratik, tiro egin eta heriotza zauriak eragin zizkion. Erortzean semea aitaren sabel gainean gelditu zen eta Jose Zornotzak jaso zuen. Iguzkiza, zauriturik, Txoko tabernan sartzen saiatu zen, baina atean hil zen.

Deikaztelukoa sortzez, Iguskiza Urbasarako errepidearen eraikuntzan lan egitera etorri zen Altsasura. Bertan gelditu zen. Alarguna eta bost seme utzi zituen. Ofizialki barne odol-jario bategatik hil zela adierazi zuten, gertaerak zehaztu gabe. Erailketaren lekuko, berriki pareta berritu duten arte,  Guardia Civilak botatako bi tiroren arrastoak ikus zitezkeen paretan eta beste batena izkinan.