Pasa den astean hasi ziren Altsasuko Iortia kultur gunean zinema proiektore digital berria jartzeko lanak. Areto nagusiko kontrol gelan lanean asteartera arte izan ziren. Kultur etxeko langileek herenegun trebakuntza saioa jaso zuten. Gaurtik aurrera proiektore digital berriarekin eskainiko dituzte Iortia kultur gunean gaurkotasunezko eta familiarteko filmak. Udalak 42.400 eurogatik (BEZ kanpo) erosi dio proiektorea Técnica Cinematográfica Loza enpresari.
Zinema ekoizte-etxeek eta banatzaileek gero eta film gutxiagoren kopiak egiten dituztela 35 mm-ko pelikulan. Digitala da nagusi, merkeago delako. Joera horrek Altsasuko kultur gunean hainbat film eskaintzeko aukera gabe utzi zuen. Areto handian proiektore digitala jarrita, areto txikian oraindik ere 35 mm-ko proiektorea segituko du; film banatzaile txikiek oraindik ere 35 mm-ko pelikulak banatzen dituztelako oraindik.
Merkeago
Zinema zaleek deskontuak eskuratzeko aukera izanen dute Iortian. 3 sarrerako bonuak (12 euro, hilabeteko iraupena), 5 sarrerako bonuak (20 euro, hilabeteko iraupena gehienez bi sarrera emanaldiko) eta 8 sarrerako bonuak (30 euro, bi hilabeteko iraupena gehienez bi sarrera emanaldiko) salgai dituzte. Gainera, haurrendako filmak eta beste ikuskizunak bateratzen dituen bonuak badaude.