Altsasuko kultur gune pareko plaza kanpaina ospitale bihurtu zuen larunbat eguerdian 3 Mugak Batera (3MB) plataformak. Errausketak sor ditzakeen 90 bat gaixotasun beste horren beste pertsonek irudikatu zuten, bakoitza ohe banatan etzanda eta zegokion gaitzaren berri ematen zuen kartela eskutan.
Plataformak salatu zuenez, “gobernu autonomoak euren hondakin kudeaketa planetatik Energia Balioztatze Plantak (errauskailuak) kentzen ari dira eta, aldi berean, hondakin horiek zementu-fabriketara bideratzen dituzte”. Nafarroan PSNk eta gobernuak bide hori hartu dute.
Nafarroako Gobernuak “behin eta berriz errepikatu du planean jasotako Energia Balioztatze Plantan ez zela erraustuko, energia balioztatuko litzatekeela. Nola baztertu daiteke hondakin planean existitzen ez den zerbait? Beraz,Energia Balioztatzeko Plantarekin egin duten moduan Olatzagutiko porlandegiko errausketa, balorizazioa, baztertu dute?”
Deia
Nafarroako Gobernuari ere errausketarako egitasmo guztiak bertan behera utzi eta “hondakinen aurretratamendua eta balioztatzea” moduko “mintzaira engainagarria” baztertzeko eskatu dio 3MBk. “Ez da bidezkoa Nafarroako eskualde batean baztertu ondoren beste eskualde batera eramatea errausketa eta jendeari gezurretan aritu Nafarroa osoan baztertzen dela esanez”. 3MBk sozialista nafarrei haien kide madrildarren bidea hartzeko eta balorizazio-errausketa guztiz baztertzeko eskatu zien. Plataformatik adierazi dutenez, “politiko horiek jendea engainatu eta nahasteko arrazoia hauteskundeen gertutasuna da”. Aldi beran, 3MBk herritar guztiak animatu ditu “errausketaren arriskua Nafarroatik desagerrarazteko azken bultzada ematera”.
Ikerketa
Porlana, karea, igeltsua eta magnesio oxidoa ekoizten dituzten lantegietatik bost km baino gutxiagora bizi diren pertsonek zenbait gaixotasunen tasa handiagoa dute. Halaxe dio Munduko Epidemiologia Biltzarrean agorrilean Anchoragen (Alaska, AEB) aurkeztutako ikerketa batek.
Ikerketa egiteko, besteak beste, 1997-2006 urteen artean estatuan minbiziagatik hil zirenen kopurua aztertu zuten. Horiek aipatu lantegietatik 5 km-ko erradioan dauden herrietako biztanleekin gurutzatu zuten. Azkenik, udalerrietako datuak estatuko bataz bestekoarekin erkatu zuten. Ikertzaileek ondorioztatu dutenez, porlan lantegietatik gertu bizi diren gizonezkoengan pleura (%71), peritoneo (%62), maskuria (%11) eta sabel (%9) minbiziak maiztasun handiagoz gertatzen dira. Kare lantegietatik gertu bizitzeak emakumeei eragiten die bereziki.