Ezkurdia: “Partida zaila izango da eta dena eman beharko dut”

Guaixe 2014ko urr. 16a, 09:31

Ostiraleko Altsasuko lau t´erdiko partidarako materialarekin gustura geratu ziren Joseba Ezkurdia eta Aritz Lasa

Lau t´erdiko final zortzirenetako ostiraleko partidarako material aukeraketa egin zuten asteazken arratsaldean Joseba Ezkurdia aurrelari arbizuarrak eta Aritz Lasa aurrelari urretxuarrak. Ezkurdiak bere anaia Mattinen laguntza izan zuen materiala aukeratzerakoan. Arbizuarrak 106,4 eta 104,9 gramoko pilotak aukeratu zituen, eta Aritz Lasak 104,8 eta 104,5 gramokoak. Bi pilotariek hitz ederrak izan zituzten bata bestearekiko eta partida lehiatu eta gogorra izanen dela aurreikusten dute biek.

Joseba Ezkurdiari elkarrizketa
Anaiarekin probatu dituzu pilotak. Gustuko zenuena aurkitu duzu?
Batekin dudan ibili naiz baina besteak bastante azkar aukeratu ditut eta gustura.

Aurtengo txapelketan murgiltzeko gogoekin zaude?
Gogo ikaragarriekin nago eta ilusioarekin. Ongi preparatu dut eta ea ze ateratzen den.

Aritz Lasa Jose Javier Zabaleta irabaztetik dator. Nola ikusten duzu?
Aritz ongi dago. Bi partida jokatuta, txapelketara errodatuta dator eta ongi ikusten zaio. Ni nire lana ongi egiten saiatuko naiz eta ea ea zer ateratzen den.

Nola zaude? Sasoiko?
Ongi. Asteartean ordu erditxo bat aritu nintzen Altsasun fuerte entrenatzen, tokia hartzeko. 4 entrenamendu egin ditut frontoian eta ongi ikusten naiz, baina ostiralean ibili behar da ongi.

Aurreko urtean maila bikaina eman zenuen lau t´erdian. Finalerdietarako sailkatzekotan egon zinen.
Bai. Aurten helburua aurreneko partida irabaztea da, ostiralekoa, final laurdenetako ligaxkan sartzeko.

Nola ikusten dituzu beste pilotariak?
Denak ongi. Final laurdenetan sartzea lortzen badut, ligaxka horretan maila ikaragarria dago. Nire ligaxkan Oinatz, Aimar… Helburua final laurdenetako ligaxkan sartzea da eta gero etor dadila etorri beharrekoa.

Altsasuko frontoia gustatzen zaizu?
Estraño batzuk egiten ditu; ez da ohikoetakoa, gutxi ibiltzen gara. Igual ez da frontoi faboritoenetakoa, baina dagoena da. Frontoia ezagutzen dut, hemen entrenatu izan dut. Ea ostiralean zer egunarekin etortzen garen, baina jokatzeko ez dago inolako aitzakiarik.

Etxean jolasteak mesede egiten du?
Presioa hor dago, baina etxean jokatzen dudanean gustura jokatzen dut eta nigatik partida guztiak etxe ondoan balira hobeto. Altsasura koadrilakoak, herritarrak etorriko dira eta guztien laguntza beharko dut.

Zer esango zenuke gehiago zure arerioaz, Aritz Lasaz…
Kontrario zaila dela. Esperientzia asko du. Zer esan? Asko jokatzen du, bi kanporaketa pasata konfiantza askorekin dago. Partida zaila izango da eta dena eman beharko dut.