Altsasuko Udaleko Ongizate Batzordeak astelehenean aho batez onartu zuen gizarte larrialdietarako 2.500 euro gehiago bideratzea. Aldi berean, batzordeak Burunda mendebaldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea osatzen duten Olatzagutiko eta Ziordiko udalei antzeko ahalegin ekonomikoa egiteko.
Mankomunitateko teknikarien txostenean oinarrituta egin zuen proposamena astelehenean batzordeko buru Unai Hualdek. Gizarte larrialdietarako aurten 15.000 euroko diru-poltsa aurreikusia zuten mankomunitatean, baina urteko martxa ikusita urte akaberarako dirurik ez zela iritsiko ikusi dute teknikariek.Hualdek azaldu duenez, “Altsasuko familia askoren ekonomia-egoera ikusita, arrazoituta dauden gizarte larrialdi laguntza guztiei erantzuna emateko konpromisoa dugu”. Gizarte larrialdietarako diru gehiago bideratzeak ekarri du irabazi asmorik gabeko erakundeendako diru-laguntza deialdia bertan behera uztea.
Horregatik, eskaera guztiei erantzun ahal izateko lehentasunezko jo dute diru saila handitzea. Batzordeko buruak azaldu digunez, “langabeziak egoera larrian utzi ditu familia asko. Eta, gainera, Nafarroako Gobernuak bermatutako laguntzen ebazpena bizpahiru hilabete atzeratzen da. Luzeegi da epea eta horrek familien egunerokotasunari erantzuten dio”.
Gorakako joera
Azken urteetan diru sail horrek urtetik urtera gora egin duela gogorarazi du Hualdek. Burunda mendebaldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak irailera arte gizarte larrialdiko 37 laguntza eman ditu; gehienak, 26, mantenurako izan dira.
Altsasuko Udalak 2011n 10.000 euroko diru saila bideratu zuen baina ez zen diru-saila agortu. 2012an, Burunda mendebaldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko presidente Fernando Fusteren ekimenez hiru udalak hartzen zituen Gizarte Larrialdietarako Ordenantza onartu zen. 10.000 euro bideratu ziren, herri bakoitzaren populazioa kontuan izanda. Baina teknikariek eskatuta lastailean 3.000 euro gehiago bideratu behar izan zuten udalek. Joan den urteko diru saila 13.000 eurokoa izan zen eta, aurten, berriz motz gelditu diren 15.000 eurokoa.